Berako Katakun goizean hasi eta Lesakako Arranon bukatu zen larunbat arratsean Bortzirietako Taldekako 24. Bertso Txapelketa. Bortz taldetan banatuta aritu ziren txapelketan parte hartu zuten 18 bertsolariak: Bera +, Malenrreka, Anai-arrebak, Sormen eta Antoiutarrak.
Katakun egin zituzten lehenengo bi kanporaketak eta Lesakako Antoiun hirugarrena. Kanporaketak eginda, Anai-arrebak, Bera +, Malenrreka eta Sormen taldeak sailkatu ziren finalerdietara.
Lehenengo finalerdia Zialdo ostatuan jokatu zuten eta Anai-arrebak taldeko Maddi Ane Txoperena, Josu Txoperena eta Eneko Fernandez, Bera + taldeko Josu Sanjurjo, Urko Gartzia, Manu Goiogana eta Sarai Roblesen kontra aritu ziren. Lehen taldea nagusitu zen, eta finalerako txartela lortu zuten.
Bigarren finalerdia, aldiz, Etxeberria ostatuan egin zuten. Bertan Malenrreka taldeko Maddi Aiestaran, Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu eta Malen Altzuart, Sormen taldeko Eki Mateorena, Loitzate Goñi, Kattin Madariaga eta Haira Aizpurua bertsolarien kontra nagusitu ziren.
Eguna borobiltzeko, Arrano ostatuan egin zuten final handia. 70 lagun baino gehiago elkartu ziren afaritan, eta ondotik jende gehiago ere hurbildu zen Malenrreka eta Anai-arrebak taldearen kontrako finala aditzeko. Azkenean, Lesakarrak nagusitu ziren, eta beraiek izan ziren 24. edizioko irabazleak. Bertso onenarentzako izaten den Kotto saria aldiz, Egoitz Gorosterrazu iturendarrarentzat izan zen. Iazko irabazle Kattin Madariagak eman zion saria Gorosterrazuri.
Gaiak jartzen eta musikari lanetan, Bortzirietako Bertso eskolako gazteak aritu ziren, eta epaile lanetan, aldiz, entzuleak.
24. edizio «borobilaren» ondotik, aurten 25 urte beteko ditu Bortzirietako Bertso Eskolak antolatzen duen lehiaketak.