Bereauko Erdi Aroko zubia zaharberritzeko lanak amaitu dituzte

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 27a, 08:30

Atzoko bisitan Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, José Luis Franchez obren arkitekto zuzendaria eta Javier Leache obra egin duen enpresako ordezkaria.
Bidasoaren gaineko Erdi Aroko zubi hau, Lesaka eta Etxalar artean, Bereau izeneko inguruan dago eta Lesakako eta Etxalarko udalen titulartasunekoa da. Zaharberritze lanak, 689.010,83 euroko kostua izan dutenak, 2022ko ekainaren 27an hasi ziren eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiak/Vianako Printzea Erakundeak sustatu ditu. 

 

Atzoko bisitan Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, José Luis Franchez obren arkitekto zuzendaria eta Javier Leache obra egin duen enpresako ordezkaria egon ziren.

1977ra arte trafiko guzia zubi horren gainetik pasatu bazen ere, gaur egun, oinezkoendako eta bizikletendako pasabide gisa balio du.

Zubi handia

Bidasoaren bi ertzak lotzeko lau arku erdizirkular ditu, 75 metroko luzera eta bere profila pixka bat konkortua da.

XX. mendean gero eta handiagoa zen trafikoari egokitzeko Diputazioak galtzada handitzeko egin zituen obren ondorioz, zubi honek lehendik zuen egitura desitxuratua gelditu zen. Garai horretan, galtzadaren pasabidea zabaldu egin zuten hormigoi armatuarekin harrizko egituraren gainean.

Erdi Aroko konfigurazioa berreskuratzeko egin dituzten lanak

Zaharberritze lanak bi kanpainatan egin dituzte, 2022tik 2023ra bitartean. Alde batetik neguko eta udaberriko geldialdiak eraginda, eta, bertzetik, Bidasoaren ur-goraldiengatik eta ingurumena babesteko arrazoiengatik ezinezkoa zelako aldamioak jartzea ibilguaren gainean.

Zaharberritze horretan, aldamioak jarri zituzten bi altxaeretan eta arkuen azpian, aurreikusitako lanak baldintza egokietan egin ahal izateko. Tinpanoen eta hegalen gainaldean mugitutako edo hondatutako hainbat ilara desmuntatu zituzten zubiaren bi aldeetan, eta hegalak, petrilak eta zubi-bularren goiko aldeak berreraiki. Hargintza lan guztiak kareharri grisarekin egin dituzte, kare hidrauliko naturaleko morteroarekin hartu eta elkartuz. Galtzadan kareharrizko zoladura berria eman diote. Gainera, egurrezko bi zutoin eta zubia zeharkatzen zuen aireko telefonia linea kendu dituzte, eta ezkerraldean, Bide Berdearen aldetik, harmailak eta arrapala dituen sarbide berri bat eraiki dituzte.

Nafarroako Ondare Arkitektonikoa

Nafarroako Entziklopedia Handian aipatzen den Bereauko Erdi Aroko zubi hau, Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartuta dago orain.

Gogoratu behar da 1988an Agrupación de Transportes del Bidasoa SCL enpresak Bereauko zubia eraisteko eskaera izapidetu zuela Lesakako Udalean. Nafarroako Gobernuko Bide Zerbitzuak eskaera horren aldeko txostena egin zuen, erranez zubia zerbitzutik kanpo zegoela (jada ez baitzen errepide-sarekoa) eta, beraz, ez zuela inolako erabilgarritasunik. Zorionez, Ekonomia eta Ogasun Saileko Idazkaritza Teknikoak eskaera hori helarazi zion Vianako Printzea Erakundeari. Erakunde horrek eraispenaren aurkako txostena eman zuen 1988ko uztailean, eta adierazi zuen Bidasoa ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubi onenetako bat zela, eta zerbitzutik kanpo egoteak ez zuela balio arkitektoniko eta historikoa galtzea ekartzen. Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txosten hari esker, gaur egun Bereauko Erdi Aroko zubia kontserbatzen da.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun