Joan den azaroaren 25ean, eraso matxisten kontrako egunaren kari, Goldatzek hainbat ekintza antolatu zituen. 12:00etan indarkeria matxistaren kontrako ibilbidea egin genuen. Agerratik hasi, eta herri guzian zehar zein egun zen oroitarazi genion jendeari, ez zelako larunbata soil bat izan, sistema heteropatriarkalak emakumeen kontra eragiten dituen indarkeriei aurre egiteko eguna baizik.
Ibilbidean zehar, Euskal Herrian 2023an indarkeria matxistak eraildako emakumeen eskelak jarri genituen, baina, dirudienez, herrian norbait ez dago horrekin ados eta jarritako kartelak zirriborratuta, eraildako emakumeak berrerasotu zituen eta bide batez, feminista izendatzen garen emakume guziak. Argazkian ikusi daitekeen moduan, «Feminazis de mierda» idatzi dute kartelaren gainean, eta «sistema patriarkala» ezabatu dute. Hau ere erasoa da, mugimendu feministaren kontrako erasoa eta ez dugu onartuko, ozen salatzen
dugu!
Bide beretik, azaroak 30eko greba informatuz jarritako kartelak ere kentzen ibili da norbait. Grebarekin bat egin dugun guztion kontrako erasoa da eta hau ere, ez dugu onartuko. Horrelako erasoak normalizatzeko eta garrantzia kentzeko ez gaude prest. Argi dugu, emakumeak kikiltzeko eta gure borrokak gutxiesteko ekintza hauek, eraso matxisten bertze adiera bat direla, ur azpian gelditzen den izebergaren oinarria. Hauen aitzinean ere, autodefentsa feminista erabili dezagun.
Ezin aipatu gabe utzi, kartelei egindako erasoa ikusi eta gainetik idatzi duen kide feministaren iniziatiba. Mila esker! Horrelako ekintza txikiak ere autodefentsa feminista dira. Erasoak jasan ditugu, baina ez gara geldituko. Greba prozesu osoarekin zaintzaren gaia erdigunera ekarri eta politizatu dugu, eta sistema osoa aldatu eta denon bizitzak bizigarriak diren jendarte feminista bat lortu arte, goldeak egiten duen gisan, dena iraultzen segituko dugu.
Ane Berasain, Berako Goldatz Talde Feministaren izenean