600 euroko sari nagusia
Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere ohikoak eta adinaren araberakoak izanen dira (erraterako, 600 euro maila nagusiko irabazlearentzat), baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitaez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. Epaimahaia, herriko bederatzi pertsonez osatua egonen da. Olentzeroa edo Jaiotza, kanta eta janzkera baloratuko dituzte. Epaimahaia kioskoan egonen da eta honen espazioa errespetatu beharko da beraien eginbeharra oztopatu gabe.
Arratsaldean kalejira
Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.
Arratsaldean kategoria nagusiko talde irabazleak musika bandarekin egin ohi duen kalejira ere bueltatuko da aurten, 18:00etan hasita. Olentzeroak xehatuz gero biltzeak suposatzen duen kostua Olentzero talde horrek ordaindu beharko duela ere jakinarazi du udalak.