Berako Udalak 5.353.242,88 euroko aurrekontua onartu berri du 2024rako. Udalaren egoera ekonomikoa «ona» da Aitor Elexpuru alkatearen hitzetan. «Zorra murrizten segitzen dugu, eta 2023an bertze mailegu bat ordaindu dugu»
Heldu den urtean «esfortzu berezia» egin beharko dela azaldu du Tokiko Inbertsioen Planeko lanekin hasiko direlako. «Diru sarreren atalean, udalak orain arte bezala, dirulaguntzak lortzeko lanean segituko du, gure finantziazio sisteman ezinbertzeko elementua direlako».
Hiru proiektu garrantzitsu
Kanttonberrin lurpeko sareak berritzea eta inguruko zoladura berria jartzea
Lehendabizikoa Kanttonberrin lurpeko sareak berritzea eta inguruko zoladura berria jartzea da. Obra honek elkarren segidan eginen diren bi zati ditu, lehendabizikoa karrika altxatzeko eta sare guztiak berritzeko: ur hornidura, elektrizitatea, telefonia, euri urak eta ur beltzak. Euri uren eta euri beltzen sareak bereizi eginen dira, euri jasak daudenean ur beltzen sarea kolapsatu ez dadin. Gainera, euri uren sarea optimizatuko da, euri jasa handiko egoeretan drainatzea hobetzeko.
Bigarren zatian, zoladura osoa berrituko dute, eremuaren urbanizazioa egungo kode teknikoen estandarretara egokituz, irisgarritasuna ziurtatuz eta hirigintza jasangarriko irizpideei segituz. Lanek 1,3 milioi euroko aurrekontua dute, eta Nafarroako Gobernuak % 80an finantzatuko ditu, onartu berri diren Toki Inbertsioen Planen barrenean.
Eztegara eta Matzada arteko lotura egitea
Bigarren lan inportantea Eztegara eta Matzada arteko hiri lotura egitea, Labiaga ikastolaren parean Sastrako errekastoaren gaineko zubia eraikiz. Obra honek ia 900.000 euroko aurrekontua du eta Estatuko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da. Exekuzio proiektua dagoeneko idatzita dago eta lanak aurten hastea aurreikusia zegoen. Espainiako Ogasunaren izandako arazo teknikoek lana atzeratu dute. Arazo horiek ahalik eta lasterren konpontzeko lanean ari dira, lanak heldu den urteko bigarren seihilekoan egiteko.
Lan horietan bide berri bat eginen da Eztegarako biribilgunetik hasita, Kaxerna aldera igoko dena 6,8 metroko zabalerarekin, bi erreiko galtzadarekin eta 1,8 metro zabalerako espaloiarekin eskuineko aldean.. Ikastolaren parean, bideak ezkerrera eginen du, Sastrako errekastoa zeharkatuz zubi batetik, Matzadako bidearekin lotuz kiroldegiaren gibelean.
Beran bizikleta bidea eraikitzeko proiektua
Hirugarren proiektua bizikleta bidea eraikitzeko proiektuaren lehendabiziko fasea izanen da. Herriaren eta Bidasoko Bide Berdearen arteko bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko, eta Bidasoa ibaiaren ondotik igarotzen diren bidexkak aprobetxatuz, proiektu bat prestatu du. 2024rako helburua bizikleta bidearen lehen fasea gauzatzea da 255.000 euroko kostuarekin.
Udalaren bertze ekarpenak
Hainbat entitatetara ere dirua bideratuko du udalak heldu den urtean: Musika Eskolari 217.000 euro emanen dizkio; Gizarte-Zerbitzuen Mankomunitateari 125.000 euro; Sastrako kirol zerbitzu publikoari 105.000 euro; Euskara Mankomunitateari 144.000 euro; kultura programaziorako 96.000 euro eta bestetarako bertze horrenbertze diru bideratuko dute.