«Gustura eta bakean». Halaxe dago Josu Sanjurjo Altzuri Nafarroako Bertsolari Txapelketa bukatuta. Finalera bidean egindako bi saioetan «sufritzea» tokatu ondotik, finalean «saio on bat» bat egiteko gogoz joan zen, «postuari begiratu gabe, nire lanean zentratzera». Eta gustura dago egindakoarekin: «Uste dut erregulartasuna falta zaidala, eta aparra bezala igotzen eta jaisten naizela batzuetan. Gustatuko litzaidake saio osoago bat egin izan banu, baina, gustura nago hala ere».
Finaleko oholtzan zela, saioa aditzen «adi» sumatu zuen bere burua, eta kantukideak «sekulako lana» egiten ari zirenaren sentsazioa izan zuen: «Bereziki bakarkako onak izan zirela erranen nuke». Oholtzan kontziente egon izana garrantzitsua iruditzen zaio: «Aitzineko finalean baino kontzienteago nengoen, eta bertzeren bat bada bertze tresna batzuekin joanen naiz». Oholtzakideen artean zegoen giro ona ere nabarmendu du: «Susmoa nuen finalaren aitzinetik tentsioa eta kontzentrazio handia egonen zirela, baina hagitz ongi eta lasai-lasai egon ginen denak eta uste dut hori oholtzan ere nabaritu zela».
«Uste dut erregulartasuna falta zaidala, eta aparra bezala igotzen eta jaisten naizela batzuetan»
2.350 entzule bildu ziren Anaitasunan, abenduaren 2an, eta hala, Nafarroan inoiz izan den finalik jendetsuena izan da aurtengoa. Sanjurjorentzat «seinale hagitz ona» da hori, baina, «arduratik» eta «natural» bizi behar dela dio: «Pentsa, Osasunaren edozein partidatan 20.000 lagun elkartzen dira. Jendea etortzea kontent egotekoa da, onartu eta egokitu behar da, eta saiatu ahalik eta hoberena ematen. Bertsolaritza da gure ondarea, hainbertze lagun eman dizkiguna, bizitza estilo bat eta balore batzuk eman dizkiguna, eta horrelako egun batek indarra ematen dizu segitzeko».
Final jendetsuaren ondotik, Nafarroako Bertsozale Elkartean egunerokoa hagitz diferentea dela azaldu du. «Badakit nola ibiltzen garen lanean, zer zailtasun dauden saioak lotzeko... Eta bat-batean notizia 2.350 lagun elkartu direla finalean». Bertsolaritzaren eguneroko «ttikitasun» horretara bueltatzen jakin behar dela uste du: «Bi punta dituen arma da. Egun batean elkarrizketa baterako deitzen zaituzte eta hurrengo egunean bertso saio batera joan eta hamar lagun elkartzen dira. Hankak lurrean izan behar dira, eta gogoz nago».
Bere kasuan, ia urtebeteko prestaketa egin du aurtengo finalaren aitzinetik. «Duela urtebete txapelketarako bide orri bat egin nuen: urte hasieran dezente irakurri nuen, gero maiatzean bertso eskolan lantzen hasi ginen eta udako geldialdiaren ondotik, astean 3-4 aldiz gutxienez elkartu gara bertso eskolan». Leitzan, Etxarri-Aranatzen, Iruñean, Lesakan… elkartu da bertso eskola egiteko, eta «hilabete biziak» izan direla onartu du.
Txapelketan oro har, «arrakala handia» sumatu du goian dauden eta hasi berriak diren bertsolariak direnen artean: «Goian daudenak hagitz finkatuak ikusten ditut hor eta iruditzen zait Nafarroako goiko langa inoizko gorenen dagoela».
«Udaren ondotik astean 3-4 aldiz elkartu gara bertso eskola egiteko»
Arrakala aipatzen duenenean, mailaz harago, bertsolari gazteek dituzten baliabideei ere egiten die erreferentzia. «Gaur egungo 20 urteko gazte batek urtean dituen plazak ditu eta hainbertze publikoren aitzinean lehiatzera ateratzea hagitz gordina da. Bertsolari gazte onak aterako direla uste dut, baina, nola lagundu asmatu behar da, eta batez ere nola ez erre».
Gazteei erreferentzia eginez, belaunaldi aldaketa izan da aurtengo txapelketan, eta hori «arduratik» bizi du bertsolariak: «Nafarroako bertsogintza gorenean ikusten dut mailari dagokionez, baina, uste dut heldu den urteetarako bizkarrezurra falta zaiola». Horregatik, nabarmendu du Nafarroako bertsogintza «denen ardura» dela eta «heldu diren urteak garrantzitsuak izanen direla etorkizun on bat eraikitzeko».
Pertsonalki hemendik aitzinerako bertsotarako helburua ere argi du zein den: «plazan gozatzen segitzea eta poliki-poliki hobetzen joatea».