Funbox Factory taldeak 12 urteko ibilbidea bukatzea erabaki du. Urte hauetan batez ere Euskal Herriko hainbat txokotan freestyle ikuskizunak egin izan ditu taldeak, baita Espainiar estatuko hainbat lekutan ere. Mundu mailako hainbat txapelketatan saritutako Dirt jump, bmx, roller eta trial pilotuz profesionalek osatzen dute Funbox Factory,
Agur ekitaldia sorterrian egingo dute, Beran, abenduaren 23an, larunbatean. Horretarako ekitaldi benefiko bat ospatzea da helburua, behar handia duen herriko San Jose zahar etxea lagundu asmoz. 17.00tan izanen da Kiroldegiko kanpoko zelaian. Euria balitz, aldiz, eremu berean dagoen estalpean eginen dute.
Zahar etxea, azken urte hauetan batez ere, egoera ekonomiko ahulean dago, eta taldeak bere aletxoa eman nahi dio, arnas pixka bat hartu dezan. Ekitaldian jasotako diru guztia hari bideratuko zaio.
Freestyle ikuskizunaz gain, ekitaldia bertsoz eta musikaz girotuko dute, ostatua irekiko dute, eta, nola ez, zozketak ere eginen dituzte. Herriko komertzio eta ostalariekin elkarlanean sari ugari banatuko dituzte: otorduak, opari txartelak, bertako produktuak, delicatessen, estetika, arropa eta osagarriak…
Zozketetarako txartelak dagoeneko salgai daude, euro batean, eta leku hauetan lor daitezke: Goxune kafetegia, Hamaiketako, Igone, Indarri, Oinatz, Oroz, Purienea, Sara kafetegia, Sustrai belardenda, Telletxea, Ze Goxoa fruta denda eta San Jose zahar etxea.