A kategorian, 2010ean edo ondoren jaiotakoenean, Enaitz Zestau Telletxea beratarrak lortu du lehen saria, Totti izeneko lanagatik. Epaimahaiaren arabera, «istorio polit eta samur bat» kontatzen du bertso sortak, «zailtasun tekniko handiko doinu baten bidez, eta deskribapen politekin». Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Gure mundu ederra izeneko lanagatik. Naturaren zaintza sustatzen duen lana da, «freskoa, eta argumentuz josia». Hirugarren saria Maialen Ormaetxea Erro lesakarraren Netflix ikusten lanarentzat izan da. »Gaiari lotutako semantika adierazgarria» azpimarratu du epaimahaiak, «adin horretarako oso adierazgarria».
B kategorian, 2006 eta 2009 artean jaioetakoenean, zortzi lan aurkeztu dituzte guztira. Iaz bezala, Kattin Madariaga Apaolaza aranztarrak irabazi du aurten ere lehen saria, Hau ote da? lanarekin. Sorta horrek «neurri txikian ere lan sakon bat egiten ahal dela» erakusten du epaileen arabera; «nerabezaroko kezkak hitz joko politekin adieraziak eta arrazonamendu bikaina erabiltzen du». Bigarren saria ere Kattin Madariagarentzat izan da, Zori onak, edo lanagatik. Epaimahaiaren arabera, egileak «lan hunkigarri bat sortu du» sorta horrekin: «Istorio bat kontatzen digu, egun bat irauten duena, bukaera apropos eta borobil batekin». Hirugarren saria, azkenik, Kattalin Lizarraga Mendiak eskuratu du, Modelo gorputza lanarengatik.
C kategorian, helduenean alegia, Eneko Fernandez Maritxalar lesakarrak irabazi du lehen saria, Baina zergatik guri izenburuko lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, «era bikainean lotutako sorta da Fernandezena, «bertso hunkigarri eta sakonez» betea. Bertso horien arteko progresioa, gainera, «zehatza eta egokia» dela ondorioztatu dute epaileek. Bigarren saria Estitxu Arozena Albizu lesakarraren Hamabi bertso baietz lanarentzat izan da. Epaimahaiak, kasu honetan, «gai serioa izanik ere», egileak «ironia eta umorearen erabilera izugarria» egin izana txalotu du. Hirugarren saria, azkenik, Manex Mailharin Ortigosarentzat izan da, Bertso(gintzaren) paperaz lanagatik. "
Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala erabakita Joseba Beltzak, Aimar Sagastibeltza leitzarrak eta Saioa Mitxelena beratarrak osatu dute epaimahaia.