Olentzero eta Mari Domingi etorri aitzinetik, ordea, kalejira eginen dute haurrek eta helduek 16:00etan hasita. Azken urteetako egitarauan aldaketak izanen dira aurten, kalejira ikastetxeka antolatuta egin beharrean, auzoka eginen baitute eta haur bakoitzaren auzoa izanen da erreferentzia zein talderekin joan jakiteko.
Hiru taldetan banatuta
Lehenengo taldea Altzateko plazatik aterako da eta ikastolako txaranga ariko da musika jotzen, bigarrena Itzetik eta musika eskola txistulariak eta talde instrumentalak girotuko dute eta hirugarrena Agerratik eta musika eskolako trikitilariak eta pandero joleak ariko dira musika jotzen. Bidean talde bakoitzak 6-7 geldialdi eginen ditu Eguberrietako kantak kantatzeko eta bide denak bukatuko dira Herriko Etxeko plazan. Musikariez gain, talde bakoitzean zuzendari bat ariko da zuzentzen.
Baserri auzoetako haurrei dagokionez, Eltzaurdiko, Ibardingo eta Kauleko haurrak Itzeko taldean joanen dira. Suspela, Suspel Ttiki, Garaitarreta, Zia eta Dornakuko haurrak Altzateko plazan hasiko kalejiran joanen dira eta Kaxernako, Zalaingo eta Zalain Zokoko haurrak Agerrakoekin. Alkaiagako haurren kasuan, musikariekin batera kalejiran aterako dira beren auzoan barna eta, ondotik, Agerrako kalejirarekin elkartuko dira Ibaialde karrikan.
Azken berritasuna plazan haurrez gain Berako Abesbatzako, Bera Kantariko eta helduen Olentzeroko kideak elkartuko direla izanen da. Plazakoa bukatuta, Gure Txokoa Elkarteko kideak Olentzero kantari aterako dira karrikaz karrika. Hain zuzen, gaur izanen dute entsegua Gure Txokoako Olentzeron atera nahi dutenek Iamotenean 19:30ean.