Aldaketa politikoak gertatzen ahal direla nabarmendu dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek urteko azken elkarretaratzean

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 19a, 12:00

Abenduko eta beraz, urteko azken elkarretaratzea Lesakan egin du Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak. Espainiako Gobernuak iragarritako pentsioen igoera «aldarrikapenetik urrutik» dagoela adierazi du, eta horrekin batera, «borrokan segituz, pazientzia izanez eta aldarrikapenak argi eta ozen plazaratuz» aldaketa politikoak gertatzen ahal direla azpimarratu nahi izan du.

28 lagun bildu ziren atzo eguerdian Lesakako plazan egindako elkarretaratzean. Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean, Julen Mitxeltorenak hartu zuen hitza eta bertzeak bertze, Espainiako Gobernuak 2024ko aurrekontuetan iragarritako pentsioen igoera izan zuen hizpide: «Pentsioek % 3,8ko igoera izanen dute, eta pentsio apalenak % 5 eta % 7 artean igoko omen dira. Alargunen kasu batzuetan, berriz, % 14rainoko igoera izan dezakete. Edozein moduz, ikusten denez, aldarrikatzen dugun 1.080 eurotik urrutik gelditzen da».

Hala ere, aldaketak politikoak gertatzen ahal direla oroitarazi zuen atzo Mitxeltorenak Lesakan. «Azken boladan politikan ez dela deus behin betiko ikusten ari gara, gauzak aldatu daitezkeela». Eta horretarako «osagaiak borrokan segitzea, pazientzia izatea, eta aldarrikapenak argi eta ozen plazaratzea» direla gaineratu zuen. «Tartean ez dago magiarik, egiten den lanean sinetsi eta jendearekin partekatzea» da pentsiodunen hitzetan gakoa. Hain zuzen pentsiodunak «guttieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin» horretan ari direla aipatu zuen Mitxeltorenak.

EAEko 2024ko aurrekontuak ere mahaigaineratu zituzten atzoko agerraldian: «onartzeko zorian daude, eta bertan ez dago 1.080 eurotara osatzeko inolako diru partidarik. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako mozioa, hau da, pentsioa 1.080 eurotara osatzeko mozioa». Eskualdean ere halaxe egiteko asmoa du Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak. Udaletan mozioak aurkeztuko ditu, atzo aitzindu zutenez, «gure hurbileko instituzioek bat egiten badute aldarrikapen honekin, errazagoa izanen baita helburua lortzea». Mitxeltorenak oroitarazi zuenez, «Nafarroan oraindik ez dituzte eztabaidatu 2024ko aurrekontuak. Beraz, presioa egiten segitu behar dugu azken momentura arte».

Greba feminista orokorraren harira

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrari esker, zaintzak hartu duen dimentsioa ere txalotu zuten atzo pentsiodunek: «Etorkizunean errazago ulertuko da motako guztietako zaintzak ez duela generoaren araberako bereizitasunik izan behar». Eta zaintzaren aferari lotuta, «Baztango Udalak eta Francisco Joakin Iriarte zahar etxeko langileek» egindako lana txalotu zuten; «bertako zaintza publikoa izatea» lortu baitute.

Palestinako egoera

Palestinako egoeraz ere aritu ziren atzo pentsiodunak. «Israelek sarraskiaren bidetik segitu duela» salatu zuten, «milaka hildako eragin, dena suntsitu eta sufrimendu basatia zabaldu» duela erranez. Bide beretik, nazioarteko ordezkariei «sarraskiaren kontra inolako neurririk hartu gabe, negozioa eta interes estrategikoak lehenetsi» izana leporatu zieten. Egoerak «inpotentzia eta amorrua» sortzen dizkiela ere aipatu zuten, eta Palestinako eta bertze hainbat lekutako gatazkak ikusita, «herri/komunitate guztiek gure herrian aske bizitzeko duten/dugun eskubidea» aldarrikatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun