Salgai daude urtarrilaren 14an Beran eginen duten 'FutbolisTOK' bakarrizketarako sarrerak

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 17a, 09:30

Urtarrilaren 14an, igandea, Zuhaitz Gurrutxagak 'FutbolisTOK' bakarrizketa eginen du Berako Kultur Etxean. Emanaldia 18:30ean izanen da sarrerak dagoeneko salgai daude Agara prentsan 10 euroren truke. Gainera, Ttipi Txartela dutenen artean bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu TTIPI-TTAPAk. Heldu den asteazkena izanen da parte hartzeko azken eguna.

Futbolisto baten Konfidentziak, bere lehen bakarrizketako zenbait pasarte berreskuratzeaz gain, Realeko jokalari zeneko  bertze hainbat bizipen eta anekdota ere izanen ditu solasgai Zuhaitz Gurrutxagak bere bakarrizketan. Horrez gain, jendaurrean lehen aldiz, lehen mailako futbolari zenetik lehen pertsonan pairatzea tokatu zaion nahasmendu obsesibo-konpultsiboaz ere solastatuko da.

Gai hauek guztiak, umorea bidelagun duela jorratuko ditu umoregile elgoibartarrak, eguneroko gorabeherak eta arazoak erlatibizatzeko, nork bere buruaz barre egitea baino modu aproposagorik ez dagoela erakusteko asmoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun