Nafarroan tokiko 26 irrati lizentzia emanen dituzte eta horietatik bina Baztanen eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 17a, 12:00

Nafarroako Gobernuak aste honetan iragarri du tokiko irrati digitaleko 26 lizentzia banatuko dituela 2024ko lehenbiziko hiruhilekoan. Horien artean lau eskualderako izanen dira: Baztanen bi irrati lizentzia eta Lesakan bertze bi. Zehazki, Abian Media SL enpresarentzat eta Naiz Irratiaren sustatzailea den Euskal Irrati Zerbitzua SL taldearentzat izanen dira Baztango eta Lesakako lau irrati lizentziak. 

Tokiko irrati digitalerako 45 proposamen hartu zituen Nafarroako Gobernuak, eta horietatik 26 banatuko dituela jakinarazi berri du. Herri hauetan banatuko dituzte aipatu irrati lizentziak: Iruñean zortzi, Tuteran lau, Lizarran hiru, Altsasun bi, Baztanen bi, Larraun bi, Lesakan bi, Tafallan bi eta Zangozan bat.

Abian Media SL enpresak bederatzi herri horietan lortu du lizentzia, tartean, Baztanen eta Lesakan bana. Naiz Irratiaren sustatzailea den Euskal Irrati Zerbitzuak SL-k, berriz, bortz herritan lortu du, tartean Baztanen eta Lesakan bana. Gainerako lizentziak SER katearentzat, Jesus Martin Moro kazetari asturiarrarentzat, Euskalerria Irratiaren sustatzailea den Iruñeko Komunikabideak SA taldearentzat eta Onda Vascaren sustatzailea den Eusko Media SL taldearentzat izanen dira. 2024ko lehenbiziko hiruhilekoan banatuko dituztela adierazi du gobernuak.

Dokumentazio administratiboa hilabete honetan osatu beharko dute onuradunek

Lizentzien onuradun izateko proposatuak izan diren enpresei eta elkarteei beren dokumentazio administratiboa osatu eta eguneratzeko eskatu zaie hilabete honetan. Behin tramite hori egina dagoenean, 2024ko lehenengo hilabeteetan lehiaketa foru agindu bidez ebatziko dela aurreikusi du foru administrazioak. Data horretatik aitzinera, tokiko irrati digitaleko lizentzien titular berriek sei hilabeteko epea izanen dute, eta epe hori luzatu ahal izanen da, modu justifikatuan, emisioak hasteko.


Abian da bertze sei lizentzia gehiago esleitzeko prozedura ere, kasu honetan Nafarroa osora emititzeko sei irrati digitalendako

Abendu honetan irrati digitaleko bigarren lehiaketa ere berraktibatu da. Balorazio Mahai berrantolatua abenduan bilduko da, eta urtarrilean eginen du proposamen teknikoak irekitzeko ekitaldi publikoaren deialdia. Ekitaldi horrek enpresa eta elkarte eskatzaileen zerrenda ezagutaraziko du. Kasu honetan, Nafarroa osorako emititzeko eskubidea izanen duten sei lizentzia egonen dira lehian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun