Fermin Muguruzak zuzendu du dokumentala eta 2018ko udan Frantziak Bidasoko muga itxi zuenetik gertatutakoa kontatzen du. Dokumentalak, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaile ahotsa eman eta aurpegia jartzeaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak adibidez, Bidasoan bizia galdu dutenak ere oroitzen ditu.
Hizkuntza eta kultura aniztasun taldea
Euskara Mankomunitateak ibilbide eta jatorri ezberdinetako herritarrekin jorratu nahi ditu, etorri berrien harrera, integrazioa eta kultur aniztasunaren gaiak. Honako hauek dira talde horren helburuak: hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarrek elkar ezagutzea, gai hauekiko sentsibilizazioa lantzea eta jatorri anitzetako herritarrei euskara hurbiltzea.
Hizkuntza eta kultura aniztasuna lantzeko taldearen asmoa da heldu den urteko udaberrian jardunaldi bat antolatzea (halakoak egin izan dira iraganean, Mugarik Gabe jardunaldiak adibidez). Bidasoa 2018-2023 dokumental emanaldiaren bidez, herritarrak sentsibilizatzeaz gain, euren burua ezagutzera eman nahi dute. Bidez batez, jatorri anitzetako herritarrak animatu nahi dituzte talde horretan parte hartzera.