‘Euskal hotsen arkeologia baten alde’ solasaldia eskainiko du Xabier Erkiziak abenduaren 3an Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 1a, 16:00

Xabier Erkizia izanen da hizlari igande arratsaldean Labiaga ikastolako areto nagusian.

Abenduaren 3a eta Euskararen Eguna izanki, Xabier Erkiziak gure hizkuntzaren iraganarekin lotutako gai bitxi bati buruzko hitzaldia eginen du Beran, Euskal hotsen arkeologia baten alde; Espiak, sekuestroak eta bertzelako gortasun historikoak goiburupean. Igandean 18:00etan Labiaga ikastolako areto nagusian hasiko den hitzaldi honekin, Zaratak ez du izenik erakusketari bukaera emanen zaio.

Euskal Hotsen arkeologia baten alde

Gaur egun, oraindik, soinuak gure ondare historiko eta kulturalaren parte bezala ulertzeak, nahitaez jakintza komuna bezala ulertzen dugunaren azpian gordetzen diren kontraerranak berriz mahai gainean jartzeko ahalmena du. Ondare immaterialak aipatzen dira han eta hemen, bereziki erakunde publikoen dokumentu estrategikoetan, baina errealitatea ez da paperean ageri den bezain goxoa. Euskaraz egindako lehenbiziko grabaketak horren adibide. 
Euskal komunitatearentzako altxor historiko dokumentala izan beharko lukeenak, oraindik gaur, hainbertze herrialdetako legedi korapilotsuek ezarritako araudiek baldintzatuta, ia ezezaguna zaigu. XIX. Mende amaierako lehenbiziko soinu grabaketen ondotik, 1900ko lehenbiziko testigantzak, lehen mundu gerraren bueltan jasotakoak, eta horrela 50. hamarkadako bilketetara iritsi arte, euskaraz egindako soinu grabaketa historikoak ez daude gure artean. Ez behintzat modu normalizatuan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun