A30 Greba Feminista Orokorra

Kalejira eta elkarretaratzea egin dituzte Lesakan greba feminista egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 30a, 13:26

Zaintza eskubide kolektiboaren alde grebara deitu du mugimendu feministak eta sindikatuek azaroaren 30erako eta Lesakan, zaintza guneetan barrena egindako kalejirarekiu eta elkarretaratzeekin osatu dute greba egunaren goiza, euripean.

Zaintza guneetan barrena egindako kalejira haur eskolan hasi dute eta, eskola, ikastola, herriko etxea eta osasun etxea bisitatu dituzte grebalariek, zahar etxean bukatu baino lehen. Leku bakoitzean bertako langileek hartu dute hitza (herriko etxean, etxez etxeko zaintza eskaintzen dute Bortzirietako gizarte zerbitzuetako langileak) eta beraien egoera prekarioen berri eman dute.

Zahar etxean egin dute elkarretaratzea eta ondotik, kalejiran joan dira plazaraino. Bertan, Euskal Herriko eta Nafarroako egoeraren berri azaltzeaz gain, Lesakan ere badela zer aldarrikatua gogoratu dute: «Zahar etxea arrontean publiko bilakatu dadila (patronatuaren eta udaletxearen kudeaketatik haratago, Nafarroako Gobernuak kudeatuta, adibidez, eta enpresa pribatuen negoziazioetatik kanpo), eta zahar etxeko langileen lan baldintzak hobetu daitezela, bertzeak bertze ratioak erabiltzaileen beharrei egokituta; hartara, zaharrak hobeki zainduak izateko, eta langileen lan kargak arintzeko». Gaur zahar etxeko langileek ezin izan dutela grebarik egin ere salatu dute, «izan ere, beti baitaude zerbitzu minimoetan«.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun