Atx Teatroa taldearen ‘Balbea’ antzezlana ikusgai izanen da abenduaren 3an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 29a, 19:00

Atx Teatroa taldeak 'Balbea' taularatuko du igandean Harriondoan.

Keinu Leihoak antzerki zikloko bigarren emanaldia igandean 18:00etan hasiko da Harriondoa kultur etxean

Mairu Antzerki tailerrak, Lesakako udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz, antolatutako 19. Keinu Leihoak Antzerki zikloa abian da. Lehen emanaldia Gilkitxaro taldearen Identitarteak antzezlana izan zen, joan den igandean. Abenduaren 3an, Atx Teatroa taldearen Balbea ikusgai izanen da, igandean 18:00etan Harriondoan. Sarrerak 6 eurotan salgai dauden Lesakako udalaren webgunean.

Atx Teatroaren ‘Balbea’

Egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina, prest al gaude hiltzeko? Ez edozein momentutan, ez. Duintasunez hiltzeko, egin dugun bizitzarekin konforme, bizitzaren arintasunez kontziente.

Hementxe dugu Gregorio, buru eta gorputz ahalmenak gainbehera, bere egunerokotasuna delirio eta errealitatearen artean bizitzen… Munduak ez dio poztasun handirik eman, suminduta dago eta amets bakar bat dauka: badaki bere azken momentua ailegatzear dagoena, eta ez du haserre hil nahi.

Abenduaren 9an izanen da aurtengo ziklo honetako emanaldi nagusia, Led Silhouette, Mairu Antzerki Tailerra eta Tantirumairu Dantza Taldeak elkarlanean sortutako Lertxunaren hegada taularatuko baitute. Harriondoan, larunbatean, 19:00etan izanen da emanaldia.

Bukatzeko, abenduaren 15ean, Dxturi Teatroa taldeak Lakoste antzezlana eskainiko du 20:00etan Arranon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun