Joseba Aldabe igantziarrak Asperekin debuta eginen du

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 28a, 07:00

Joseba Aldabe Etxeberriak bi urteko kontratua sinatu du Aspe pilota enpresarekin eta abenduaren 8an eginen du debuta Atano III.a pilotalekuan. 27 urteko igantziarrak Zabalarekin jokatuko du, Mata eta Erostarberen kontra.

Zazpi bat urterekin hasi zen Aldabe pilotan herrian eta 12 urterekin Berara joan zen, 14rekin Doneztebera eta 21ekin Iruñeko Oberena klubera. Garfe enpresan ere ibili da igantziarra. Urteotan hainbat garaipen eskuratu ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da aurten munduko txapeldun izan dela eta Josetxo Etxandi Lezoko torneoa ere irabazi duela. 2021ean, berriz, Biharko Izarrak pilota txapelketan txapela jantzi zuen.

Kontatu duenez, ilusioz hartu du erronka: «Afizionatuetan txapelketa aunitz jokatu ditut, baina abenduaren 8tik aitzinera espero dudana diferentea da. Erronka ilusionagarria da». Gehiago ere onartu du: «Niretzat pilota nire bizitza izan da eta nire bizitzako momentu aunitz eskaini dizkiot». Eta hala, argi du zein izanen diren bere lehentasunak hemendik aitzinera: «Jokin Etxanizen eskuetan jarri nahi dut ahalik eta gehien hobetzeko eta profesionalen partidetan maila ona emateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun