Azaroak 25

«Ez da normala. Indarkeria da» mezua zabaldu dute azaroaren 25ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 27a, 11:30

Ez da normala. Indarkeria da. Eraso matxistarik ez! Lelo hori hartuta, karrikara atera ziren larunbatean Lesakan. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira, Xulufrinak Lesakako Sare Feministak antolatu zuen hitzordua, eta hainbat herritar bildu ziren plazan. Horrez gain, Estitxu Fernandez Maritxalarrek Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea liburua aurkeztu zuen.

Xulufrinak Lesakako Sare Feministak bi hitzordu antolatu zituen larunbatean Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren bueltan. Alde batetik, goizean Lesakako Herriko Etxeko Pleno Aretoa jendez betea zela, Estitxu Fernandez Maritxalar lesakarrak bere azken liburua aurkeztu zuen: Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea.

Eta bertzetik, eguerdian, elkarretaratzea egin zuten Ez da normala, indarkeria da. Eraso matxistarik ez! lelopean plazan. Gisa horretara, garbi utzi nahi izan zuten gizartean ohikoak diren hainbat egoera ez direla normalak. Horren erakusle hainbat adibide eman zituzten: «Mozkortzen denean inguruan dituen neskengana joan, eta gorputza haien kontra igurzten du. Normala da; Oihuka solas egiten diote elkarri beti. Normala da; Haurra zela hori ikusi zuen etxean, eta orain bere bikotekideari iguala egiten dio. Normala da; Karrikan bi neska musuka ikusten dituztenean irainka eta irriz hasten zaizkie. Taldean harrotu egiten dira. Normala da; Neskak ez zuen sexu jolasean segitu nahi, baina ostatuan baietz errana zionez, gizonak segitu egin zuen. Normala da; Zahartzaroak eta eritasunek inpotentzia eragiten diote, eta bere emaztearekin ordaintzen du ezinegona. Normala da; Bere alabari igurtziak egiten dizkio jolas modura, ama etxean ez dagoenean. Normala da; Ginekologoak ez dio erditzen ari den emakumeari esplikatu zein prozedura egin behar dizkion bere gorputzean. Normala da».

Halako egoerak ez direla normalak edo «ez luketela izan behar» nabarmendu zuten Xulufrinak taldeko kideek larunbatean: «Sexu erasoak, indarkeria psikologiko eta berbala, indarkeria fisikoa, homofobia, bortxaketak, sexu abusuak eta indarkeria obstetrikoa dira. Finean, indarkeria matxista». Eta «indarkeria egoerak detektatu eta bere izenez deskribatzea garrantzitsua» dela agerian utzi nahi izan zuten, baita «emakumeari babesa eskaintzea, eta gertatutakoa gizartea salatzea» ere: «Bertzela, indarkeria normalizatzen segituko baitugu, eta ez dago isiltasuna baino lur hoberik indarkeria loratu dadin. Horregatik, halako egoera bat ikusten dugun bakoitzean, ozen salatu behar dugu ez dela normala, indarkeria dela».

Grebarako deia

Bide horretan «saretze feminista ezinbertzeko tresna» dela gaineratu zuten, eta hala, «nahi duen emakume orori Xulufrinen sarean parte hartzeko edota antolatzen ditugun ekimenetara etortzeko» deia egin zioten. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egiteko deia ere egin zuten. «Zaintza eskubide kolektiboaren alde aterako gara gizon eta emakumeak karrikara, salatzeko zaintza feminizatuta, pribatizatuta eta prekarizatuta dagoela». Lesakako kasuan, 11:00etan kalejira zaintza guneetan eginen dute, 12:00etan elkarretaratzea zahar etxean, eta gero berriz plazaraino joanen dira. Arratsaldean, berriz, Elizondon eginen duten manifestazioarekin bat egin du Xulufrinak sareak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun