Julen Goia Mitxelena xakelari lesakarrak bikain segitzen du

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 13:30

Igandean Iruñean bigarren izan zen Julen Goia, baina Nafarroako eskolarteko zirkuituko lider segitzen du.

Joan den asteburuan Gasteizen garaipena lortu zuen taldeka eta Iruñean jokatutako lehiaketan Nafarroako eskolarteko zirkuituko lidergoari eutsi zion

Zazpi urte bete berriak dituen Julen Goia Mitxelena xakelari lesakarrak konpetizioan bikain segitzen du. Joan den asteburuan emaitza ederrak lortu zituen Gasteizen eta Iruñean jokatu zituen lehiaketetan.

Azaroaren 18an Gasteizko Expoches lehiaketan parte hartu zuen, Hondarribiko Marlaxka bere talde berriarekin. Hain zuzen, 12 urtez beheitiko kategorian lehiatu zuen lehen aldiz bere taldearekin eta jokatutako bortz partidak irabazi zituen. Horri esker, Hondarribiko Marlaxka taldea garaile suertatu zen.

Julen Goia, Hondarribiko Marlaxkako taldekideekin garaile suertatu zen larunbatean Gasteizen.

Biharamunean Iruñeko San Juan txapelketan parte hartu zuen, Nafarroako eskolarteko zirkuiturako baliagarria zen bigarren proban. Sei partidetatik bortz irabazita bigarren izan zen Goia Iruñean, baina emaitza horrekin zirkuituko lidergoari eusten dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun