Keinu Leihoak antzerki zikloaren 19. edizioa igandean abiatuko dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 11:00

Gilkitxaro taldearen 'Identitarteak' antzezlanarekin abiatuko da aurtengo Keinu Leihoak zikloa Lesakan, azaroaren 26an.

Mairu Antzerki tailerrak Lesakako udalaren eta Arrano elkartearen laguntzaz antolatutako Keinu Leihoak Antzerki zikloaren hemeretzigarren edizioa egunotan eginen dute Lesakan. Mairu antzerki tailerretik diotenez, «azaroarekin batera iluntzen dira arratsaldeak, hozten dira egunak, eta hegazti migratzaileak gure gainetik pasatzen diren heinean, epeletara biltzeko gogoak nagusitzen dira gure baitan. Aurtengoan ere, gurekin biltzeko gonbita luzatu nahi dugu. Horretarako gure artean izanen ditugu, noizean behin, mendebaldetik etorrita, sukaldeko leihoan bixitan agertzen zaizkigun txantxangorriak, eta bertako lertxun saldoa, Led Silhouetten gidaritzapean, bidaia ezezagun batean abiatuko dena. Animatuko al zarete gurekin hegan egitera?».

Lehen emanaldia azaroaren 26an, igandean 18:00etan eginen dute Harriondoa kultur etxean. Gilkitxaro taldearen Identitarteak antzezlana ikusgai izanen da. Sarrerak 6 eurotan salgai daude udalaren webgunean.

Sinopsia

Finn eta Seric protagonistak haien identitateez beste egitera jolastuko dira. Garçon dute epaile, ezustekoz beteriko pertsonaia iluna bezain alaia. Komedia hau Estatu Batuetako estadio erraldoi batean du abiapuntua. Gero sekulako bidaia egingo dute ikusleek eta pertsonaiek identitateen bilaketa eta suntsiketan: desertura, mendi gailurrera, itsasora, etxeko egongelara, kobazuloetara, upategietara, musika festibaletara, antzezten ari den antzokira eta buelta berriz ere estadio erraldoi batera.

Abenduan gehiago

Abenduaren 3an, Atx Teatroa taldearen Balbea ikusgai izanen da, 18:00etan Harriondoan. Abenduaren 9an izanen da aurtengo ziklo honetako emanaldi nagusia, Led Silhouette, Mairu Antzerki Tailerra eta Tantirumairu dantza taldeak elkarlanean sortutako Lertxunaren hegada taularatuko baitute. Harriondoan, larunbatean 19:00etan izanen da emanaldia.

Bukatzeko, abenduaren 15ean, Dxturi Teatroa taldeak Lakoste antzezlana eskainiko du 20:00etan Arranon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun