'Euskara ibiltaria' erakusketa ikusteko aukera izanen da Beran 'Uscaldunac garen ezquero' ekimenaren barrenan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 24a, 10:00

Euskaltzaindiaren 'Euskara ibiltaria' erakusketa da aurtengo zikloaren ardatza. Argazkia: San Telmo Museoa.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Berako Udalak 'Uscaldunac garen ezquero' zikloa antolatu du bertze urte batez. Aurten zikloaren ardatza Euskaltzaindiaren 'Euskara ibiltaria' izeneko erakusketa izanen da. Astelehenean eginen dute erakusketaren inaugurazioa 18:00etan Kultur Etxean.

Erakusketaren irekiera ekitaldia astelehenean, azaroaren 27an, eginen dute 18:00etan.  Herritarrek erakusketa hori modu gidatuan ikusteko aukera izanen dute asteazkenean,  hilaren 29an, 18:30ean. Horretarako aitzinetik izen eman behar dute, mankomunitatera idatzita (euskara@bortziriak.eus / 680650650). Edonola ere, erakusketa irekia egonen da, norbere kabuz bisitatzeko, abenduaren 3an, 6an eta 8an ere, 11:00ak eta 13:00ak bitartean.

Erakusketarekin batera, abenduaren 1ean, ortziralean, Euskararen hiru titiak eta bertze istorio miresgarri batzuk emanaldia eginen dute Edu Zelaieta idazleak eta Raul Garcia eta Beñardo Goietxe musikariek 19:00etan Beralandetan.

Euskara ibiltaria erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da eta helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea da. Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua —tokiak, materialak, argia eta soinua, natura, eta bizitza—, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun