Azaroak 25

Elkarretaratzeak, hitzaldiak, aurkezpenak eta gehiago Bortzirietan azaroaren 25aren harira

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 22a, 09:00

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da eta horren bueltan, hainbat hitzordu prestatu dituzte Bortzirietan ere. Batzuk dagoeneko egin dituzte, eta bertzeak ondoko egunetan izanen dira.

Arantzan elkarretaratzea

Azaroaren 24an, ortziralean, 12:00etan elkarretaratzea eginen dute herriko plazan.

Beran ibilaldia eta elkarretaratzea

Azaroaren 25ean, larunbatean, 12:00etan Agerratik abiatuta, indarkeria matxistaren kontrako ibilbidea eginen dute. 13:00etan, berriz, elkarretaratzea eginen dute Mukixu zubian.

Etxalarren hitzaldia eta antzerkia

Azaroaren 24an, ortziralean, Zer egin genero indarkeria kasu batean aurrean? hitzaldia antolatu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak.

Ortziralean genero indarkeriaren inguruko hitzaldia izanen dugu Etxalarko Kultur Etxean 18:00etan hasita. Hitzaldia Ainara Iraizoz PSYLAN Psikologia taldeko psikologoak emanen du. Iraizozek Psikologia Juridiko eta Forentsearen Institutuarekin ere lan egiten du, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei larrialdi egoeretan, bide judizialean eta terapia bidez lagunduz. Aldi berean, SOS Nafarroa bidez krisi egoeratan ere esku hartzen du genero indarkeria kasuetan. 

Ortziraleko saioan genero indarkeria motak azalduko ditu, identifikatzeko errazenak diren indarkeria fisikoaz eta sexualaz haratago. Horrekin batera, informazio praktikoa emanen du: Zer egin dezaket edo nola jokatu dezaket inguruko emakume bat genero indarkeria sufritzen ari dela uste badut? Zein dira genero indarkeriagatik salaketa bat jartzeko jarraitu beharreko pauspak? Nolakoa da prozesu judiziala? Zein zerbitzu publiko daude herritarren eskura, laguntza hartzeko? Zertan lagundu dezakete zerbitzu hauek?

Hurbiltzen direnek gaiaren inguruko zalantza guztiak galdetzeko espazioa izanen dute.

Bertzalde, Etxalarko Talde Feministak antolatuta, azaroaren 25ean, No solo duelen los golpes antzerkia ikusteko aukera izanen da Kultur Etxean, 16:45ean. Txokolatea eta kafea ere izanen dira. Eta 18:30ean elkarretaratzea eginen dute.

Igantzin

Atzo, azaroaren 21ean, Nagore dokumentala ikusteko hitzordua egin zuten eta ondotik, Asun Casasolarekin solasaldia egin zuten.

Ortziralean, berriz, elkarretaratzea eginen dute.

Lesakan liburu aurkezpena eta elkarretaratzea

Azaroaren 10ean maskulinitateak lantzeko gizonezkoentzako tailerra egitekoa zuten Berdintasun Zerbitzuak antolatuta eta larunbatean emanen diote hitzorduei segida Xulufrinak Lesakako Sare Feministak antolatutako ekitaldiekin.  

Hala, larunbatean, azaroaren 25ean, 11:00etan Sortze berri bat indarkeria obstetrikorik gabea liburua aurkeztuko du Estitxu Fernandez Maritxalar herritarrak. 11:00etan Lesakako Herriko Etxeko Pleno Aretoan egin dute hitzordua. Ondotik, 13:00etan, Ez da normala, indarkeria da. Eraso matxistarik ez! lelopean elkarretaratzea eginen dute plaza zaharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun