Poliburutegia martxan paratu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 22a, 11:00
Kirolarekin zerikusia duten hainbat irakurgai topa daitezke Lesakako udal kiroldegi sarrerako Poliburutegian.

Kirolarekin lotutako liburuak eta irakurgaiak daude kiroldegiko sarreran, maileguan hartzeko

Azaroaren 21etik aitzinera Lesakako herritarrek txoko berri bat dute irakurketaz gozatzeko: Poliburutegia. Izan ere, kiroldegiko sarreran apal bat paratu dute nagusiki kirola gaitzat duten liburuekin, bertan irakurtzeko. Horietako libururen bat etxera eraman nahi duenak liburutegira joan behar du, kiroldegiaren ondoan baitago, eta maileguan eraman ahal izanen du.

Liburu espezializatu hauek Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismorako (BEM) funtsekin eskuratu dituzte, eta oraingoz, soilik gaztelaniaz idatzitakoak daude, baina euskarazko materiala argitaratu ahala, erosi asmo dute, gune hau aberasteko.

Edonola ere, hautaketa hau euskarazko edukiekin osatu dute, eta adin-tarte ezberdinak izan dituzte kontuan.

Lesakako udalak jakinarazi duenez, «etorkizunera begira horrelako txokoak zabaldu nahiko genituzke herriko hainbat tokitan» eta eskerrak eman nahi dizkie Lesakako Udal Kiroldegiko lankideei «proposamen honi emandako erantzun onagatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun