Bertsolari gazteen sariketa garrantzitsuenetako bat da Errenterian egiten duten Xenpelar sariketa. Ortziralean egin zuten lehenengo kanporaketa eta heldu den bi ortziraletan, azaroaren 24an eta abenduaren 1ean, eginen dituzte hurrengo biak. Finala abenduaren 8an izanen da Errenteriako Niessen kulturgunean.
Ekhiñe Zapiain beratarra izan zen lehenengo kanporaketako irabazlea
244,5 puntu lortu zituen berako bertsolariak. Haren gibeletik sailkatu ziren Irantzu Idoate Funosas, June Aiestaran Iparragirre, Aroa Arrizubieta Barredo, Lierni Rekondo Villaron eta Eli Zaldua Barquin bertsolariak.
Ortzirale honetan, azaroaren 24an izanen da bigarren kanporaketa 19:00etan. Bertan eskualdeko bertsolari bat ariko da, Haira Aizpurua Ibargarai saratarra. Berarekin batea Ekain Alegre Gil, Libe Goenaga Arrieta, Emaitz Murua Arzallus, Garazi Navarro Ugarteburu eta Andoni Mujika Izagirre Anatx ariko dira.
Azken kanporaketa abenduaren 1ean izanen da ordu berean eta eskualdeko bi bertsolari ariko dira: Josu Txoperena Iribarren lesakarra eta Eki Mateorena Zozaia leitzarra. Horiekin batera ariko dira Maite Sarasola Isazelaia, Aitor Ugarte Eriz, Izaro Bilbao Arostegi eta Jon Mendiluze Mujika.