Haur Txokoa antolatu dute Eguberrietako oporretan Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 20a, 19:00

Abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 5era Haur Txokoa antolatu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak. Heldu den ortziralean, abenduaren 1ean bukatuko da izena emateko epea

«Haurrei denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat» eskaintzeko asmoz, aurten ere Haur Txokoa antolatu du Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak urteko hondarreko eta lehenbiziko egunetan.  «Solidaritatean eta berdintasunean» oinarritutako zerbitzua dela adierazi dute antolatzaileek, eta aldi berean, «gurasoei seme-alaben heziketa euren lanarekin edota denbora librearekin bateratzeko aukera» eman nahi diete.
 
Hiru eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua da eta abenduaren 26an, 27an, 28an eta 29an eta urtarrilaren 2an, 3an, 4an eta 5ean 10:00etatik 13:00etara bilduko dira. Arantzan eskolako gimnasioan eginen dute hitzordua, Beran Beralandetan, Etxalarren eskola zaharretan, Igantzin eskolako gimnasioan eta Lesakan Irain eskolan.
 
Udalekuak euskaraz direnez, D eta B ereduan ikasten duten haurrek parte hartzen ahal izanen dute eta behar bereziak dituzten haur bakoitzarentzat begiralea izanen dela jakinarazi du Berdintasun Zerbitzuak. 
 
Izena emateko epea zabalik dago eta heldu den ortziralea, abenduaren 1a, izanen da apuntatzeko azken eguna. Ortzeguna, azaroaren 30a, bulegoa itxita izanen da greba feminista orokorra tarteko.  Bi aukera daude izena emateko: www.igantzi.eus atarian ageri den formularioa bete eta berdintasuna@bortziriakberd.eus edota 722 69 30 78 zenbakira bidaliz; edo formularioa bete eta Igantziko Herriko Etxera eramanez. Formularioa inprimatu ezin duenak, han izanen du eskura. 
 
Erroldatutakoek 20 euro eta erroldatuak ez daudenek 25 euro ordaindu beharko dute. Haur Txokoko lehenbiziko egunean Dindaiako monitoreei eman beharko diete eskura.Berdintasun Zerbitzuak Dindaia Fundazioa kontratatu du Haur Txokoaz arduratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun