Joanes Illarregik irabazi du Lesakako saioa

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 19a, 21:00

Txapelketako azken finalaurrekoa irabazita, abenduaren 2an jokatuko den finalaurrekorako sailkapena eskuratu du Leitzako bertsolariak. Hain zuzen ere, hauek izanen dira zortzi finalistak: Saioa Alkaiza, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Josu Sanjurjo, Saats Karasatorre eta Sarai Robles.

Leporaino betetako Lesakako udal pilotalekuan jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurreko. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du saioa, Lesakako Udalaren eta Lesakako Bertso Eskolaren laguntzarekin. Han, zozketak erabakitako ordenean, ondorengo bertsolariak aritu dira kantuan: Beñat Astiz Isasi, Eki Mateorena Zozaia, Josu Sanjurjo Alzuri, Eneko Lazkoz Martinez, Mikel Lasarte Cia eta Joanes Illarregi Marzol. Alaitz Rekondok aurkeztu du saioa, eta epaile lanetan aritu dira Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Bertsolarien artean, Joanes Illarregik eskuratu du puntu gehien (525,5), eta horrenbestez, abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako sailkapen zuzena eskuratu du. Horrela gelditu da, zehazki, Lesakako saioko sailkapena:

  1. Joanes Illarregi Marzol (525,5)
  2. Eneko Lazkoz Martinez (521,5)
  3. Josu Sanjurjo Alzuri (492,5)
  4. Eki Mateorena Zozaia (458)
  5. Mikel Lasarte Cia (453,5)
  6. Beñat Astiz Isasi (401)


Horrenbestez, argitu da zortzi finalisten zerrenda. Altsasuko, Agoizko eta Lesakako finalaurrekoetako hiru irabazleei, Saioa Alkaiza, Julio Soto eta Joanes Illarregiri alegia, puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie. Hauek dira finalistak:

  1. Saioa Alkaiza Guallar
  2. Julio Soto Ezkurdia
  3. Joanes Illarregi Marzol
  4. Xabat Illarregi Marzol
  5. Eneko Lazkoz Martinez
  6. Josu Sanjurjo Alzuri
  7. Saats Karasatorre Martinez
  8. Sarai Robles Vitas

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun