Azaroak 25eko Emakumearen kontrako indarkeriaren aurkako eguna gainean dugula eta, hasiak dira zenbait ekitaldi egiten Igantzin ere. Berdintasun Batzordea osatu duten honetan (ikasle eta irakasleez osatua dagoena), azaroaren 25a prestatzen hasiak dira. Horien artean herriko Lorhazi Emakume Taldearekin elkarlanean, taldearen berri jakin eta beraiekin harremanak estutu nahi du Berdintasun Batzordeak eta beraiekin batera egun berezi bat antolatu nahi dute.
'Nagore' dokumentala azaroaren 21ean
Lorhazi Emakume taldeak ere prestatua du ekitaldi berezi bat egun honen inguruan. Azaroaren 21ean, asteartean 17:00etan, Helena Tabernak egindako Nagore dokumental ezaguna eskainiko du udalaren laguntzarekin. Iruñean sanferminetan erahila izan zen Nagore Laffage Casasolaren kasua erakusten duen dokumentala eskainiko dute eta ondotik bere ama den Asun Casasolarekin solasaldia izanen dute.
Izen emateak berdintasuna@bortziriakberd.eus helbide elektronikoan edota 722 69 30 78 telefono zenbakira deituz egin ahal izanen dira. Izena ematen dutenen kopuruaren arabera erabakiko dute non eskaini dokumentala.