Berdintasun politiken inguruko formakuntza hartu dute Bortzirietako hainbat udal hautetsik

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 16a, 07:00
Asteartean Etxalarren egin zuten Bortzirietako hamasei hautetsik berdintasun politiken ingutuko oinarrizko formakuntza saioa.

Bortzirietako udaletako hainbat hautetsik berdintasun politiken inguruko oinarrizko formakuntza saioa jaso zuten azaroaren 14an, asteartean Etxalarren. Duela hilabete batzuk Bortzirietako Berdintasunerako III. Plana onartu zuten udalek eta formakuntza saio hauek Planak dituen jardueren artean daude.

Lau ardatz nagusi dituen Plan honen barrenean jasotzen da urtero hautetsiei zuzendutako berdintasun politiken inguruko formakuntza saioak antolatuko direla, urtero herri batean.

Lehen saio hau Etxalarren egin da eta hamasei hautetsi bertaratu dira, goizez eta arratsaldez egindako bi saiotan banatuta. Formakuntza Idoia Lekueren eskutik egin da, genero politiketan aditua den formatzailea, eta hasierako saio honetan lehen hurbilpen eta kontzientziazio saio bat egin da. 

Formakuntza saio hauek 2024an jarraipena izanen dute eta bi saio egitea aurreikusi dute. Alde batetik, berdintasun politiketan sakonduko duen bigarren saio bat, eta bertzetik, oinarrizko prestakuntza hau jaso ez duten hautetsiei zuzendutako hurbilpenerako bertze saio bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun