Berako Ricardo Barojako ikasleek zahar etxera bisitak eginen dituzte ikasturte honetan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 14a, 16:00

Ricardo Baroja ikastetxeko hirugarren zikloko ikasleek Berako zahar etxera hainbat bisita aurreikusi dituzte ikasturte honetan. Joan den ortzegunean, azaroaren 9an, halaxe egin zuten. Seigarren mailako talde bat zahar etxera hurbildu eta partxisean, bingoan eta dominon aritu ziren bertako egoiliarrekin. Argazkiak: Ricardo Baroja eskola.

Mahai jokoetan aritzeaz gainera, ospakizunetarako tartea ere harrapatu zuten. Ikasle baten urtebetetze eguna zela eta, egoitzako langileek prestatutako jaki gozoa eraman zuen etxera eta kandelak ere itzali zituen. Giro ederrean ibili ziren denak.

Hilabete honetan eta hurrengoetan ere, kantatzera, ipuinak eta olerkiak kontatzera, antzerkitxoak egitera... bueltatuko dira hirugarren zikloko ikasleak zahar etxera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun