Goizean ibilbidea egiteko aukera emanen dute eta arratsaldean Nafarroako Bertsolari txapelketako finalaurrekoa jokatuko da frontoian
Lesakak harreman estua izan du bertsolaritzarekin. Izan ere, historian zehar hainbat bertsolari atera dira Lesakatik eta gaur egun oraindik etorkizuna bermatuta dago herrian. Afizio hau sustatzeko eta partekatzeko, azaroaren 19an, bertsolaritzan oinarrituko diren bi ekitaldi ospatuko dituzte: Oinak Bidean ibilbide interaktiboaren inaugurazioa goizean eta Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa arratsaldean.
Oinak Bidean Irain Eskolak, Bortzirietako Bertso Eskolak eta Lesakako Udalak elkarlanean sortu duten zazpi kilometro eta erdiko ibilbide interaktiboa da. Harriondoa Kultur Etxean hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek, Lesakako bertsolaritzarekin harremana duten bederatzi leku lotzen ditu. Estreinatzeko, azaroaren 19an ibilbide gidatu bat antolatu dute, Harriondotik igandean 11:00etan aterako dena. Eneko Fernandezek aurkezpenean aipatu duenez «inaugurazio honetan, denok batera ibilbidea eginen dugu eta geldialdietan bertsolaritzarekin zerikusia duten pertsonek azalpenak emanen dituzte. Ibilbidea azaltzen duen panel bat ere paratuko dute
kultur etxearen kanpoaldean eta ibilbidea seinaleztatuko da». Gainera, web orri propioa ere dauka; bertan, ibilbideari buruzko informazioa (interes-puntuak, bertsoak, bertsolariak, etab.) eta track-a eskuratu daitezke: https://sites.google.com/educacion.navarra.es/oinak-bidean
Eguna borobiltzeko, igandean 17:30ean, lepo beterik egonen den frontoian, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoa jokatuko da.