Mikel Iriarte omendu du Lesakako musika bandak San Martin egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 13a, 14:00
Mikel Iriarteri omenaldia eskaini zion Lesakako musika bandak larunbatean. 25 urte daramatza banda zuzentzen Iriartek.

Ezusteko omenaldi ederra eskaini zion Lesakako Musika Bandak San Martin egunean Mikel Iriarte Pikabeari. 35 urte daramatza musika bandan Iriartek, lehen hamar urteak tronpeta-jotzaile bezala eta azken 25ak zuzendari lanean.

Berez, San Martin da Lesakako zaindaria eta besta eguna izan ohi da azaroaren 11. Egun horretarako ohiko emanaldia izan behar zuena, Mikel Iriarteri omenaldia eskaintzeko eguna bihurtu zuen Lesakako musika bandak. Ezustean, plazan aurreskua dantzatu zioten zuzendariari Ioritz Iriarte bere semeak eta Leire Igoa bandako kideek. Ondotik, karrikaz karrika ibili zen musika banda, Mikel Iriarte zuzendari zutela eta bazkaria izan zuten Kasinoan. Musika bandako kideez gain, bertze musikariak ere gonbidatu zituzten ekitaldira, tartean musika bandarekin hainbatetan jo duen Xabier Zabala musikari ezaguna.

Mikel Iriarte banda zuzentzen larunbatean. 25 urte bete ditu lan horretan. Irudia: Teresa Rojo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun