Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa mistoa irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 13a, 11:00
Beti Gazteko talde mistoa Euskal Herriko launakako txapelketan txapeldun Antsoainen. Ibarrako bi taldeak lagun izan zituen podiumean.

Lesakako taldea podiumeko koxka guztietara igo da asteburuan, gizonezkoak bigarren eta emakumezkoak hirugarren izan baitira

Behin Nafarroako txapelketa bukatuta, Euskal Herriko 4x4 txapelketa jokatu dute asteburu honetan: emakumezkoen (250 kilo) eta gizonezkoen (310) kategorietako txapelketa Ibarran (Gipuzkoa) jokatu zuten larunbatean eta kategoria mistokoa (280 kilo) igandean Antsoainen. Beti Gazte kategoria guztietan igo da podiumera, txapelketa mistoan txapeldun moduan. Kontuan hartu behar da txapelketa honetan parte hartzeko, lau tiralarietatik bik federazioko fitxa azken bi urtetan egina izatea eskatu duela Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak. Beraz, tiralari berriak ere ikusi ahal izan dira goma gainean.

Igandean Antsoainen jokatutako txapelketa mistora irabazi zuen Beti Gaztek. Ibarra A eta Ibarra B izan zituen lagun podiumean. Beti Gazteko laukote txapeldunean Irantzu Goienetxe, Iker Pikabea, Irati Andueza (Doneztebe) eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Beti Gazteko laukote mistoa Euskal Herriko txapeldun.

Bezperan, Ibarran, Beti Gazteko tiralariak podiumera igo ziren, emakumezkoen nahiz gizonezkoen txapelketetan. Gizonezkoak 310 kiloko kategorian aritu ziren eta bigarren izan ziren, txapeldunorde, Zuraide A taldearen gibeletik. Zuraide B hirugarren izan zen. Beñardo Iantzi, Iker Pikabea, Unai Leiza eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Oskar Telletxea igantziarra entrenatzaile zutela.

Gizonezkoen laukotea bigarren izan zen, Zuraideko bi laukoteen artean. Iker Pikabeak eta Unai Leizak lehen aldiz tiratu dute Euskal Herriko txapelketan.

Emakumezkoen txapelketan, berriz, 250 kiloko kategorian, hirugarren sailkatu zen Beti Gazte, Ibarra eta Araxesen gibeletik. Irati Agesta (Sunbilla), Ainhoa Etxegarai (Bera), Irati Andueza (Doneztebe) eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Beti Gazteko emakumezkoen laukotea hirugarren izan zen, Ibarra eta Araxesen gibeletik. Sunbillako Irati Agestak eta Doneztebeko Irati Anduezak lehen aldiz tiratu zuten Euskal Herriko txapelketan.

Txapelketa ofizial honen ondotik, 4x4 sokatira jaialdia ere izanen da azaroaren 19an Berriozarren.

 

Euskal Herriko zortzinakakoa azaroaren 24an hasiko da Munduko txapelketari begira

Launakako lanak bukatuta, azaroaren 24ko asteburuan hasiko da Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa. Heldu den urteko otsailaren 8tik 11ra Munduko txapelketa Suediako Helsinborg hirian jokatuko dela kontuan hartuz, txapelketa garrantzitsua izanen da, bertan erabakitzen baita zein taldek ordezkatuko duen Euskal Herria, Basque Country, nazioarteko lehian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun