Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa jokatuko da asteburuan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 10a, 13:00
Nafarroako txapel guztiak irabazi ondotik, Euskal Herriko launakakoan ere bertze horrenbertze egiten saiatuko dira Beti Gazteko tiralariak.

Larunbat arratsaldean Ibarran ariko dira gizonezkoak eta emakumezkoak eta igande goizean Antsoainen talde mistoak

Behin Nafarroako txapelketa bukatuta, Euskal Herriko 4x4 txapelketa jokatuko dute datorren asteburuan. Azaroaren 11n, larunbatean, emakumezkoen (250 kilo) eta gizonezkoen (310) kategorietako txapelketa jokatuko dute Ibarran (Gipuzkoa) eta azaroaren 12an, igandean, kategoria mistokoa (280 kilo) Antsoainen.

Emakumezkoen nahiz gizonezkoen txapelketan Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra larunbatean 17:00etat8ik aitzinera Ibarrako Belabieta kiroldegian. Emakumezkoetan, lesakarrekin batera, Antsoain, Araxes, Badaiotz eta Ibarra lehiatuko dira. Gizonezkoetan, berriz, Antsoain, Ibarra, Murueta A, Murueta B, Zuraide A eta Zuraide B lehiatuko dira beti Gazterekin batera.

Txapelketa ofizial honen ondotik, 4x4 sokatira jaialdia ere izanen da azaroaren 19an Berriozarren.

Euskal Herriko zortzinakakoa azaroaren 24an hasiko da Munduko txapelketari begira

Launakako lanak bukatuta, azaroaren 24ko asteburuan hasiko da Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa. Heldu den urteko otsailaren 8tik 11ra Munduko txapelketa Suediako Helsinborg hirian jokatuko dela kontuan hartuz, txapelketa garrantzitsua izanen da, bertan erabakitzen baita zein taldek ordezkatuko duen Euskal Herria, Basque Country, nazioarteko lehian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun