Gizonei zuzenduriko maskulinitate tailerra eginen dute ortziralean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 7a, 18:00
17:00etan hasiko da ikastaroa eta arratsalde osokoa izanen da. Irudia: Freepik.

Ortzirale honetan, azaroaren 10, gizonezkoei zuzendutako maskulinitate tailerra eginen dute Lesakan. Tailerra Eihera elkartearen eskutik eginen dute Lesakako Udalaren Koskontako Bideko Aretoan (Koskontako bidea 7), 17:00etan hasiko da eta arratsalde osokoa izanen da.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatu du eta parte hartzeko aitzinetik izena eman beharko da Berdintasun Zerbitzura idatzita: 722 69 30 78 zenbakira edo berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera.

«Azken urteetako mugimendu feministaren indarrak eta gorakadak korapilo aunitz paratu ditu erdigunean, maskulinitatearen hausnarketa erraterako», nabarmendu dute antolatzaileek. «Indarkeria matxistaren hainbat aurpegi plazaratzearekin batera, horren gainerako ardurak eta erantzukizunak ere paratu dira erdigunean eta, horrek erresistentzia batzuk ekarri ditu. Gizonek feminismoarekiko duten arduraz aunitz eztabaidatu da, baina, zer egin eta nola jokatu ez jakitearen arrazoipean, inguruko gizon aunitzez ez dute aurrera pausorik eman».

Hain zuzen ere, hori landuko dute ortziraleko saioan, «eztabaida erreakzionarioak alde batera utziz, botere eta indarkerien irakurketa eginez, erabaki feministak hartzeko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun