Goiuri Urra lesakarra podiumera igo da Euskal Herriko cross country motor txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 17:00

15 urte bertzerik izan ez arren hirugarren izan zen 18 urtez beheitiko kategorian larunbatean Elgoibarren

Motor kontuetan bikain segitzen du Goiuri Urra Yecora lesakarrak. Azaroaren 4an Euskal Herriko cross country txapelketa jokatu zen Elgoibarren (Gipuzkoa). 15 urterekin gidari gazteena izanik eta zilindrada ttikiena zuen 125 ccko motorra izan arren, hirugarren postua lortu zuen 18 urtez beheitiko txapelketan eta podiumera igo zen.

Denera 127 motor gidarik parte hartu zuten Euskal Herriko txapelketan, eta scratchean edo sailkapen orokorrean 66. postua eskuratu zuen Urrak. Hau da, bi ordu eta erdiko lanaren ondotik, parte-hartzaileen erditsuak gibelean utzi zituen, 15 urterekin eta motor ttikienarekin. 18 urtez beheitiko txapelketan hirugarren izan zen.

Aitzinera begira, azaroaren 18an Tausten (Aragoi) jokatuko den Aragoiko Kopan parte hartuko du Goiuri Urrak, Elgoibarko proba bezalaxe, Nafarroako txapelketarako ere baliagarria baia. Txapelketa honetan, 85 ccko kategorian lehenbiziko postuan dago gidari lesakarra eta 125 ccko kategorian bigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun