Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak piztu du Irrisarriko hamargarren txondorra

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 15:00

Zaporeak erakundeko ordezkariak Irrisarriko txondorraren piztuera ekitaldian.

Larunbateko ekitaldian Zubietako joaldunek ere parte hartu zuten eta musika ere izan zen

Igantziko IrriSarri Land parkeko txondorra azaroaren 4an, larunbat arratsaldean piztu zuten Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariek. Erakunde honek Europara ailegatzen diren etorkinei 2.500 otordu ematen dizkie egunero. Zaporeak elkarteko ordezkari, Mikel Juanikorena, Zazpi Garcia, Tina Garcia, Maribel Jimenez eta Pepa Moreno izan ziren Igantzin.

Txondorra eraikitzeko, aurten inguruko basoko 18.000 kilo egur erabili dituzte, bereziki gaztainondo eta haritza. Larunbatetik aitzinera, borondatez jendea arituko da txondorra zaintzen hilabetez eta urte bukaerarako ikatza izatea espero dute. 5.000 kilo ikatz lortzea espero dute, azken urteetan bezala jatetxeko parrillan erabiltzeko datorren denboraldian.

Txondorra eraikitzeko lanak Iratxe Errazkin, Iñigo Elizegi, Igor Elizegi, Luis Elizegi, Andoni Etxenike, Ioritz Elizegi, Iñigo Gomez, Carlos Sein, Ander Esnal, Ramon Sein eta Etxahun Azkarraga ikazkinek egin dituzte.

Aitzineko urteetan, Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Xabier Agote, Toti Martínez de Lezea, Aizpea Goenaga, Itziar Sistiaga, Julian Iantzi, Pilar Otegi eta Ignazio Carrillo eta iaz, Mikel Urdangarin izan dira txondorra pizteaz arduratu direnak.

Abenduaren 30era bitartean ikaztegia bisitatu ahal izanen da, bertan dagoen museoarekin batera. Bertan, garai bateko ikazkinen bizitza estiloa eta lan egiteko modua ikusi eta ikasi ahal izanen da. Horretarako espresuki egina dagoen ibilbidea ere egin daiteke eta trenez ikusi guztia.

 

Zubietako joaldunak eta musika emanaldia

Txondorraren piztueran Zubietako joaldunak ere izan ziren Irrisarrin. Emanaldi bikainak izan zituzten. Batetik, Caroline Collier Iruñeko Sinfoniettako zuzendariak eta orkestrako hiru musikarik emanaldia eskaini zuten txondorraren inguruan. Bertzalde, Gorka Zabaleta kantautoreak ere bizpahiru abesti kantatu zituen gitarrarekin batera. Azkenik, Zubietako Joaldunak ere bertan izanen dira, joan den urtean bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun