Azaroaren 25aren inguruan ekitaldiak prestatzen ari dira Igantzin ere

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 7a, 09:00

Igantzin hizlari izanen den Asun Casasola, Nagore Laffage bere alabaren hilketari buruzko dokumentalaren kartelaren ondoan.

Azaroaren 21ean 'Nagore' dokumentala emanen dute aitzinetik izena ematen dutenendako eta Nagore Laffageren ama, Asun Casasola izanen da hizlari

Azaroak 25eko Emakumearen kontrako indarkeriaren aurkako eguna gainean dugula eta, hasiak dira zenbait ekitaldi egiten Igantzin ere. Joan den urriaren 26an egin zen ekofeminismoa eta landa eremuko emakumeari buruzko hitzaldi arrakastatsuaren ondotik, eskolan ere ari dira hainbat ekintza lantzen. Berdintasun Batzordea osatu duten honetan (ikasle eta irakasleez osatua dagoena), azaroaren 25a prestatzen hasiak dira. 

Horien artean herriko Lorhazi Emakume Taldearekin elkarlanean, taldearen berri jakin eta beraiekin harremanak estutu nahi du Berdintasun Batzordeak eta beraiekin batera egun berezi bat antolatu nahi dute.

'Nagore' dokumentala azaroaren 21ean

Lorhazi Emakume taldeak ere prestatua du ekitaldi berezi bat egun honen inguruan. Azaroaren 21ean, asteartean 17:00etan, Helena Tabernak egindako Nagore dokumental ezaguna eskainiko du udalaren laguntzarekin. Iruñean sanferminetan erahila izan zen Nagore Laffage Casasolaren kasua erakusten duen dokumentala eskainiko dute eta ondotik bere ama den Asun Casasolarekin solasaldia izanen dute. 

Izen emateak berdintasuna@bortziriakberd.eus helbide elektronikoan edota 722 69 30 78 telefono zenbakira deituz egin ahal izanen dira. Izena ematen dutenen kopuruaren arabera erabakiko dute non eskaini dokumentala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun