Gure Txokoako Juan Luis Irazoki saritu dute Gipuzkoako Entrenatzaileen Galan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 19:00

Juan Luis Irazoki, Gure Txokoako jubenilen entrenatzailea, Gipuzkoako Futbol Federazioaren ordezkariaren eskutik saria jasotzen.

Berako Gure Txokoako gazte edo jubenilen taldeko entrenatzaile den Juan Luis Irazokik, lehengo denboraldian egindako lanarengatik saria jaso zuen 2023ko Gipuzkoako Entrenatzaileen Galan, azaroaren 1ean. Gure Txokoako gazteek Gipuzkoako gorengoen mailako txapeldun izan ziren eta ohorezko mailara igotzea lortu zuten. Denboraldi osoan partida bakarra galdu zuten.

Entrenatzaileen Eguna

Juan Luis Irazoki ez zen bakarrik joan asteazkenean Donostiara. Entrenatzaileen Eguna ere izan zen Reale Arenan eta berekin batera, talde nagusiko Ganix Zubietak eta kadeteetako Jon de La Cruzek parte hartu zuten jardunaldian. Guztira hiru hitzaldi izan zituzten goizean: Gari Fullaondok, metodologia aholkulari, UEFA PRO entrenatzaile eta Kimet Sporten sortzaileak, norberaren joko eredu pertsonala nola sortu eta planifikatu azaldu zuen. Ondotik, Natalia Arroyok, Realeko emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaileak, bost defentsako lerroa erasotzeko planari buruz hitz egin zuen bere taldearen hainbat adibide erakutsiz. Eta, azkenik, Marco Oterok, Olympique de Marsellako akademiako zuzendariak, harrobiarekin lan egitearen nondik norakoak azaldu zituen.

Gure Txokoako Ganix Zubieta, Juan Luis Irazoki eta Jon de la Cruz, Reale Arenan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun