Jokin Pinatxo musikari beratarra izanen da biharko 'Hitzetik hortzera' saioko protagonista

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 15:00

Berako bertso eskolan ibilitakoa da Jokin Pinatxo musikaria.

Urtebeteko bidea egina du Janus Lester taldearen 'Ez gaitzala loak harrapatu' lanak. Jokin Pinatxo beratarra da taldearen hotsa, eta larunbateko 'Hitzetik hortzera' saioko protagonista izanen da, aunitzek ez dakiten arren, bertsolaritik ere baduelako zerbait Pinatxok.

Gazteagotan Berako bertso-eskolan ibili zen abeslaria. Etxetik datorkio bertsozaletasuna, eta orain bertsotan aritzen ez den arren, gertutik segitzen  ditu bai bertso-eskolako kontuak eta baita bertsoaren bueltan sortzen direnak ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketa kasu. Eskolartekoan, plazetan eta sariketaren batean kantuan aritutakoa da Pinatxo.

Bertsolaritzarekin duen harremanari buruz eta azken urtean Janus Lester taldeak izandako arrakastari buruz solasean ariko da saioan Mirari Martirena aurkezlearekin.

Pinatxoren elkarrizketaz gain, Errenterian eta Lekunberrin egindako saioetako bertsoaldiak aditzeko aukera ere izanen da.

Saioa bihar emanen dute ETB1en 21:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun