Eskuz binakako lehen pilota txapelketa antolatu du Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 18:30
Zazpi kategoriatan banatuta jokatuko da Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak lehen aldiz antolatutako eskuz binakako txapelketa.

Azaroaren 19an bukatuko da izena emateko epea, urtarrilaren 14an hasiko da lehia eta martxoaren 2an jokatuko dituzte zazpi kategorietako finalak

Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak lehen aldiz antolatu du eskuz binakako Arkupeko pilota txapelketa. Sei kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak: umeak, kimuak (neskak eta mutilak), haurrak, gaztetxoak, gazteak eta senior.

Izena emateko epea azaroaren 19ra arte dago irekia, joseluistainta@gmail.com edo salaae@gmail.com helbide elektronikoetan. Txapelketa 2024ko urtarrilaren 14an hasiko da eta martxoaren 2an jokatuko dituzte finalak. Kategoria guztietan lehiaketa irekia izanen da, baina umeak eta kimuak kategorietan Nafarroako pilotariak bakarrik onartuko dituzte.

Gehienez 32 bikote onartuko dituzte. Umeak eta neska kimuen kategorietan pilota goxoarekin ariko dira, mutiko kimuak eta haurrak pilota mistoarekin eta gaztetxoak, gazteak eta helduak toke pilotekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun