Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak piztuko du Irrisarriko hamargarren txondorra larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 2a, 17:30

Larunbatean piztuko dute IrriSarri Landeko txondorra hamargarren aldiz.

Igantziko IrriSarri Land parkeko txondorra azaroaren 4an, larunbatean 17:30ean piztuko dute. Urtero bezala pertsona edota erakunde bat omenduko dute eta aurten Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariak izanen dira ikaztegiko enborrean arrastoa utziko dutenak.

Aitzineko urteetan, Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze, Xabier Agote, Toti Martínez de Lezea, Aizpea Goenaga, Itziar Sistiaga, Julian Iantzi, Pilar Otegi eta Ignazio Carrillo eta iaz, Mikel Urdangarin izan dira txondorra pizteaz arduratu direnak.

Txondorra eraikitzeko, aurten inguruko basoko 18.000 kilo egur erabili dituzte, bereziki gaztainondo eta haritza. Larunbatetik aitzinera, borondatez jendea arituko da txondorra zaintzen hilabetez eta urte bukaerarako ikatza izatea espero dute. 5.000 kilo ikatz lortzea espero dute, azken urteetan bezala jatetxeko parrillan erabiltzeko datorren denboraldian.

Larunbat honetatik aitzinera eta abenduaren 30era bitartean ikaztegia bisitatu ahal izanen da, bertan dagoen museoarekin batera. Bertan, garai bateko ikazkinen bizitza estiloa eta lan egiteko modua ikusi eta ikasi ahal izanen da. Horretarako espresuki egina dagoen ibilbidea ere egin daiteke eta trenez ikusi guztia.

Musika emanaldia

Txondorraren piztuerarekin batera musika emanaldi bikainak izanen dituzte larunbatean Irrisarrin. Batetik, Caroline Collier Iruñeko Sinfoniettako zuzendariak eta orkestrako hiru musikarik emanaldia eskainiko dute txondorraren inguruan. Bertzalde, Gorka Zabaleta kantautoreak ere bizpahiru abesti kantatuko ditu gitarrarekin batera. Azkenik, Zubietako Joaldunak ere bertan izanen dira, joan den urtean bezala.

Zubietako joaldunek aurten ere parte hartuko dute txondorraren piztuera ekitaldian.

 

Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 16an

Abenduko hirugarren larunbatean, abenduaren 16an, Olentzero eta Mari Domingi egun osoan izanen dira IrriSarri Landen, haurren eskutitzak hartzen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun