Palestinako herriari elkartasuna adierazteko adierazpena onartu du Arantzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 2a, 08:30

Gazako herritarren aurkako krimenak gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu du Arantzako Udalak aste honetan egindako osoko bilkuran. «Enbargo militarra, boikota eta Israeli jarritako zigorrak babesten» dituela adierazi du, «Israelgo Gobernua Palestinaren aurkako erasoak geldiaraztera, nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzera, Palestinako eta nazioarteko eragileekin solas egitera eta NBEren ebazpenak errespetatzera behartzeko neurri eraginkorra» dela iritzita.

«Betikotzen ari den gatazkan herritar zibilen eta indarkeriaren biktima guztien aurkako erasoak gaitzetsi» nahi izan ditu Arantzako Udalak, eta «erantzukizun handiena, bertzeak bertzek, okupatzaileek, Israelek, sionismoak eta haiek aliatuek, AEBk eta EBk, dutela» dio. «Palestinak estatu israeldar, boteretsu eta kolonizatzailearen aldetik imajina daitezkeen gerra krimen guztiak jasan dituela» gaineratu du, «benetako genozidioa eginez».

Hala ere, Palestinako herriak «bere izateko eta existitzeko eskubide legitimoa aldarrikatzen segitzen duela» nabarmendu du udalak adierazpenean, «nahiz eta Israelek Gazako zerrendan espetxeratzeko politika egin: Ez okupazioak, ez behartutako desplazamenduak, ez apartheidak, ez garbiketa etnikoak ezin izan diote erresistentziari amaiera eman». Gehiago ere bai: «ezin izan dute beraien duintasuna makurtu pilaketak, beren etxeen suntsipenak, atxiloketek, espetxeratzeek, gehiegikeriek, hilketek, blokeoak eta oinarrizkoena kentzeak». Egoera honek «70 urte baino gehiago daramatzala» ere oroitarazi nahi izan du Arantzako Udalak eta «argi eta garbi» adierazi nahi izan du «ez gaudela egoera honen normalizazioaren konplize izateko prest».

«Ez gaude egoera honen normalizazioaren konplize izateko prest»

Adierazpenean udalak salatu duenez, «gobernu israeldarrak harro aldarrikatzen ditu bere krimenak, bere ekintzak iragarriz eta telebistan erakutsiz. Beren egintzak nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak direla diote». Horren aitzinean, Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi izan dio udalak, eta honela gaineratu du: «Konponbidea milizia koloniarrak armagabetuz eta deseginez eta okupazioa amaituz bakarrik aurkitu ahal izanen da. Bakea herri palestinarrarentzat askatasuna eta justizia lortua baino ez da etorriko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun