Nafarroako enpresen CO2 emisioak konpentsatzeko lehen proiektu publiko-pribatua Lesakan kokatu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 31a, 15:00

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak (CPEN) eta Lesakako Udalak basotze proiektu bat jarri dute martxan, 2021eko otsailean izandako suteak suntsitutako baso-masen zati bat berreskuratzeko eta Nafarroako enpresen berotegi-efektuko gasen isuriak konpentsatuko dituzten karbono-hustubideak sortzeko helburu bikoitzarekin

Nafarroan karbono-hustubide gisa katalogatuta dagoen eta lankidetza publiko-pribatuaren emaitza den lehen proiektua aurkeztu dute urriaren 31n, astearte goizean Lesakan.  Ekimen honek, azken urteetako suteetan kiskalitako lurrak oihanberritzeaz gain, Nafarroan enpresen jarduerak sortutako berotegi-efektuko isuriak borondatez konpentsatzeko lagungarri izanen da.

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak ‘CPEN Basoa’ izenpean bultzatutako epe luzeko proiektu honen testuinguruan, gaur Lesakako lehen oihanberritze eremuan izan dira Jose Mari Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria; Ladis Satrustegi, Lesakako Alkatea; Francisco Fernández Nistal, CPENeko zuzendari nagusia; Javier Martínez, Nafarroako Landa Kutxako Gizarte Ekintza arloko zuzendaria; François Delamarre, ArcelorMittal Lesakako plant managerra; eta Luis Sanz, GAN-NIK sozietate publikoko zuzendari kudeatzailea. Bertan, datozen hilabeteetan Lesakan eginen diren lanak ezagutu dituzte, baita proiektuak berak parte hartzen hiru enpresen berotegi-efektuko gasen isuriak konpentsatzeko duen funtzioa ere.

Hautatutako parajea, Eskolamendi, 2021eko otsailean kiskali zen, Nafarroako Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat udalerriri eragin zien sutean. Zehazki, 1.600 hektarea baino gehiago erre zituen eta Lesakan 400 hektarea erre zituen. Proiektu honek 13 hektarea birlandatzea aurreikusten du, 13 futbol-zelairen baliokidea dena. Osotara, 18.289 zuhaitz-landare landatuko dituzte. Lan teknikoa, GAN-NIK sozietate publikoko baso-kudeaketaren arlotik zuzentzen ari da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan.

«CPEN eta Nafarroako sozietate publikoak, GAN-NIKen eskutik, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen garapenean paper garrantzitsua hartzera aurreratu dira ekimen honekin. Egurra bizia da gure landa-munduarentzat eta gaur Lesakan martxan jarri dugun gisako baso berritzeek lehengai berriztagarria eta bertakoa sortzen laguntzen dute. Gainera, mendien ekosistema hobetzeko eta landa-inguruneen zein tokiko ekonomiaren garapen iraunkorrerako lehen mailako aukera dira», adierazi du Jose Mari Aierdik, Landa Garapeneko eta Ingurumeno kontseilari eta GAN-NIK sozietate publikoko presidenteak.

Bertzalde, Francisco Fernández Nistal CPENeko zuzendari nagusiak, lankidetza publiko-pribatuko proiektu hau aitzindaria dela azpimarratu du eta bere eragina maximizatzeko enpresen partaidetzak duen garrantzia nabarmendu du: «Nafarroan ia ez da landu Karbonoaren Borondatezko Merkatuan zenbatzen den proiekturik, CO2 isuriak neutralizatu nahi dituztenentzat, edo, besterik gabe, basoberritzeko proiektuetan parte hartu nahi dutenentzat. Proiektu hau, hain zuzen ere, azken urteetan lurraldean izandako suteei erantzun kolaboratiboa emateko beharraren aurrean sortu da, sektore pribatua basoberritze proiektuetan inplikatuz eta euren zeregina ezinbesteko bilakatuz»

Era berean, Ladis Satrustegi Lesakako alkateak horrelako ekimen batek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu du: «Proiektu hau hagitz interesgarria da Lesakarentzat, gure fondo propioekin ez litzateke posible izanen Eskolamendiko zonaldea basoberritzea eta hagitz eskertuta gaude aukeragatik».

 

Hitzarmenaren sinadura

Gaur goizean, Eskolamendiko parajera bisita egin aitzinetik, lankidetza hitzarmen honen sinadura egin da. Proiektuaren sustatzaileak, CPEN eta Lesakako Udala, ekimenera batu diren hiru enpresa pribatuekin batera, Lesakako Udalean elkartu dira. ArcelorMittal Lesakatik François Delamarre, Plant Manager-a joan da; Nafarroako Rural Kutxatik Javier Martínez, Gizarte Ekintza arloko zuzendaria; eta Alkaiagako Hidrorubber enpresak ere proiektuan parte hartzen du.  

 

‘CPEN Basoa’, Nafarroako enpresa-sareari irekitako ekimena

CPENek CPEN Basoa ekimena abiarazi du, Nafarroako azken udetako baso-suteek kiskalitako lurretan basoak berritzeko eta isuriak borondatez konpentsatzeko proiektuak abian jartzea bultzatu eta errazteko. Xedea lankidetza publiko-pribatua sustatzea da, Nafarroako enpresa-sarea foru lurraldean aurrera eramaten diren oihanberritze proiektuetan inplikatuz, karbono-hustubideak sortzeko eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak konpentsatzeko mekanismo gisa.

Horretarako, Lesakakoarekin batera, Nafarroan kokatutako oihanberritze-proiektuen zorro bat eskaintzen du, interesa duten erakundeek parte hartzeko aukera izan dezaten eta euren aztarna, osoa edo zati bat, konpentsa dezaten.

Proiektu horiek ingurumen eta gizarte onura ugari dituzte; hala nola, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzea (karbono-bahiketa ere esaten zaio), enplegua sortzea edota lurralde kohesioa hobetzea.

Kasu guztietan, proiektuek baso-masa kudeatzeko plan bat izan behar dute eta plan horretan adierazi beharko da zer jarduketa aurreikusten diren, planaren iraunkortasuna bermatu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun