Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa jokatuko dute larunbatean Altsasun

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 1a, 14:00
Altsasuko Iortia Kulturgunean izanen da saioa. 2021ean ere antzoki berean jokatu zuten finalaurrekoetako bat.

Eskualdeko hiru bertsolari ariko dira kantuan Altsasun, Eneko Fernandez Maritxalar lesakarra eta Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Patxi Castillo Graciarena beratarrak.

Final laurdenak jokatuta, finalaurrekoen fasean sartua dago Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean Altsasun jokatuko dute fase honetako lehen saioa eta bertan kantari ariko dira Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas, Saats Karasatorre Martinez, Eneko Fernandez Maritxalar lesakarra, eta Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Patxi Castillo Graciarena beratarrak. Gaiak jartzen Zigor Gartzia Arregia Zian ariko da. Saioa 17:30ean izanen da Iortia Kulturgunean.

Altsasuko saioaren ondotik,  azaroaren 11n Agoitzen eta 19an Lesakan jokatuko dituzte bertze bi finalaurrekoak. Saio bakoitzean sei bertsolari ariko dira, eta saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalera. Finaleko gainerako bortz bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun