Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak antolatu dute emanaldia, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude Agara prentsan 6 euroren truke, eta egunean berean ere salgai egonen dira.
Iaz aurkeztu zuen Intxaurra Lesakako taldeak. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatutako Arnasa gara ekimenaren antzerki beka irabazi zuen Mairu Antzerki Tailerrak, eta horren ondotik sortu zuten antzezlana. Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du Intxaurra antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertzen dira istorioan.
Sinopsia
Terexa gaixorik dago, baina bera ez du bere osasun egoerak arduratzen. Etxeko intxaurrondoaren osasunak kezkatzen du. Intxaurrondoak ere gaitza badu. Onddoren batek kalte egiten dio, eta fruituak, kanpoko azal eta guzi erortzen dira lurrera. Azalak intxaurrak ito eta usteltzen ditu. Terexak ez du sendagaiarekin asmatzen. Larritasunak, gaixotasunarekin batera, Terexa itotzen du. Gero eta nekezagoa zaio arnasa hartzea.
Terexaren sentimenduen eta emozioen bidez, inguratzen gaituen ekosistemak, inguratzen gaituzten baldintzek, guregan duten eragina azaleraztea da antzezlanaren asmoa. Inguruko baldintzek eta ezaugarriek eragiten dutelako herriengan, hizkuntzengan, jendearengan… inguratzen duten lurrek landareengan eragiten duten moduan.