Juan Mari Iriarte Baleztena

«Betiko errezeta tradizionalak egiten ditugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 31a, 11:00

Familia negozioa da Jaione gozotegia, duela 36 urte Beran irekia. Juan Mari Iriarte gozogilearen gurasoek abiatu zuten negozioa; «gure ama eta aita zena Mexikora joan ziren bizitzera 1978an, eta bueltatu zirenean lantegi propioa zuen gozo-denda bat irekitzea bururatu zitzaien».

Izan ere, «nire gurasoek betitik maite izan dute gastronomia, eta aita okintzaren munduan sartua zegoen lehenagotik ere. Horrela hasi ziren, poliki-poliki». Gaur egun Ana Baleztena aritzen da gozotegian, baina semearen laguntza ere izaten du, «asteburuetan eta ahal dudanean. Pastel eta txokolate artean hezi izan naiz, eta etxean ikusi dudana egiten bukatu dut».

Gozogintza tradizionala du ardatz dendak: «tendentziak segitu beharrean, ohitura zaharretako errezetak egiten ditugu; goiz-goizetik ernatu, masak harrotzen utzi eta labearen ondoan egoten gara». Opilak, pastelak, txokolateak… denetik egiten dute, dena etxean egina, «eta batez ere hostorea, hagitz fina egiten dugu eta hori da gure espezialitatea. Pastak arrakasta haundia izaten dute eta Eguberrietan errege-erroskak ere aunitz eskatzen dizkigute. Nafarroatik, Gipuzkoatik eta Iparraldetik etortzen dira erostera».

Domisaindu egunera begira, kruxpeta tradizionalak (buñueloak) egiten dituzte, esne-gainez edo kremaz beteak. «Aste horren bueltan egiten ditugu, asteburu bat lehenago edo beranduago… enkarguen arabera. Baina lan gehiena Santu Guztien Egunean izaten dugu». Galtzen ez den ohitura da, izan ere, «ia mundu guztiari gustatzen zaizkio gozokiak, eta jendeak etxean bazkari eder bat egiten duenean beti izaten da postrearentzako lekua. Beti izaten ditugu urtebetetzeak, urteurrenak… mahaiaren inguruan elkarrekin zerbait ospatzeko aitzakia».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun