XXVII. Baserritarren Eguna ospatuko dute bihar Arantzan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 31a, 08:00

Arantzako Ekaitza Elkarteak hogeita zazpigarren aldiz antolatu du Baserritarren Eguna, eta beti bezala, azaroaren 1ean izanen da, bihar. Goizean goizetik hasita herritarrek baratzeko produktuak, aziendak, nekazaritzako tresnak, eskulanak eta bertze hainbat produktu ikusgai eta salgai paratuko dituzte frontoian eta plaza iskinean.

Herriko trikitilariak eta panderojoleak ere herri bazterrean, frontoian eta plazan ibiliko dira euren doinuak zabalduz. Jateko eta edateko faltarik ere ez da izanen eta gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte.

Gazta eta ahari lehiaketak

Gazta eta ahari lehiaketak, ohi bezala, herritarrentzako izanen dira. Gazta lehiaketan hiru gazta sarituko dituzte eta lehenbiziko sarituak 120 euro, bigarrenak 100 euro eta hirugarrenak 60 euro hartuko ditu. Ahari lehiaketan, berriz, bi sari banatuko ditu Ekaitza Elkarteak: lehenbiziko saria 50 eurokoa izanen da eta bigarrena 25 eurokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun