BixtuBera energia-kooperatiba aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 27a, 12:00

Bixtu-Bera energia-kooperatibaren aurkezpenean parte hartu zutenak.

Energia berriztagarrien arloan erreferente izan nahi du Beran herritar talde batek eta udalak bulkatutako proiektuak eta urte bukaerarako ehun bazkide lortzeko helburua paratu dute

Sei hilabeteko partaidetza-prozesuaren ondotik, BixtuBera energia-komunitatea aurkeztu dute urriaren 26an, ortzegun arratsaldean Berako kultur etxean egindako ekitaldian. Prozesua Berako Udalak sustatu du, eta Goiener eta Elhuyarren laguntzarekin bideratu da,  Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza batekin, eta hemendik aitzinera, herritarrek hartuko dute gidaritza. Kooperatiba forma hartu du energia berriztagarrien komunitateak.

Ainhoa Lanz da BixtuBera kooperatibako lehendakaria, eta ekitaldian hitza hartu zuen, «energia oinarrizko eskubidea dela aldarrikatzeko, eta energia-enpresa handiekiko mendekotasuna gutitzeko eta pobrezia-energetikoari aurre egiteko» asmoz sortu direla adieraziz. Horretarako, aipatu zuenez, «energia-burujabetzaren aldeko pausoak emanen dira, kontsumo arduratsua eta jasangarria bulkatuz, eta kontsumo-ohituretan eraginez. Funtsean, klima-larrialdiaren aitzinean tokiko neurriak hartu nahi dira, Bera energia berriztagarrien eremuan erreferente bihurtzeko».

 

Enara Agirre Jorajuria logotipo lehiaketaren irabazle

Lanzekin batera, kooperatiba sortu duten hainbat kidek hartu zuten hitza, eta Janus Lester musika taldeko abeslari Jokin Pinatxok bere kantuekin girotu zuen ekitaldia. Logotipoa herriko ikastetxeetako DBHko ikasleekin egindako lehiaketa batetik atera da, eta Labiaga ikastolako Enara Agirre Jorajuriarena izan da kooperatibari irudia emateko hautatutakoa.

Labiaga ikastolako Enara Agirre Jorajuriak irabazi du logotipo lehiaketa.

 

Hitza hartzen lehenbizikoa Esteban Agirre zinegotzia izan zen. Bere erranetan, «Udalak energiaren kudeaketarako eredu komunitario bat sustatu nahi izan du. Aspalditik da Berako Udala Goienerreko bazkide, eta kezka izan du energiarekiko. Azken aldian proiektu ugari ailegatu dira Herriko Etxera, baina denak ez helburu argiekin, eta energia-gaietan herrian erreferente izanen den instrumentu bat sortu nahi izan dugu».

Garatuko dituzten proiektuak zein diren ez dituzte zehaztu, baina hasiak dira horretan ere lanean, eta ideia batzuk badituztela kontatu zuen aurkezpenean Jokin Iturriak, BixtuBerako proiektu-taldeko kideak: «Oraindik ez ditugu arruntean zehaztu proiektuak, baina bai nolako proiektuak izaten ahal diren. Batetik, energia sortzeko proiektuak izanen dira, adibidez, teilatuetan eguzki-panelak paratuz edo dagoeneko martxan den biomasa-sarea zabalduz». Iturriak argitu zuen proiektu guztiak «energia berriztagarrietan oinarrituko direla, eta modu kolektiboan sortuak». Mugikortasun jasangarria eta garraio publikoa ere landu nahi dituzte, eta badute asmoa aholkularitza-bulego bat ere martxan paratzeko, «herritarrak energiaren inguruan informatzeko, laguntzeko eta ahalduntzeko».

 

Urte bukaerarako ehun bazkidera ailegatzeko helburua

Kooperatiba 29 bazkiderekin abiatu da, eta urtea bukatzerako ehun izatera heldu nahi dute. «Komunikazio-kanpaina abiatu dugu, eta herritarrak bazkide izatera animatu nahi ditugu, denon artean indar gehiago egiteko», azaldu zuen Clara Rougetek, BixtuBerako komunikazio-lantaldeko kideak. Bazkide izateko 60 euroko ekarpen bakar bat egin beharko da, aldi bakar batean edo lau alditan ordaintzekoa.

Izena emateko eta informazio gehiago biltzeko webgunea ere martxan jarri dute, bixtubera.eus helbidean, eta e-mail bat ere zabaldu dute: info@bixtubera.eus. Herriko dendetan zabalduko dituzten orrietan ere eman ahal izanen da izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun