1.592 lagunek erabili dute Bortzirietako Bestabusa zerbitzua aurten

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 28a, 11:00

Herrietako bestak bukatu direla eta, Bestabusa zerbitzuaren balorazioa egin du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Ekainetik urrira, zerbitzua hamar besta egunetan izan da erabilgarri, 15 autobus erabili dituzte eta 1.592 lagun ibili dira.

Sustantzien kontsumoaren inguruan Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak esku artean duen lanketaren barrenean antolatzen du Bestabusa zerbitzua. Finantzazioa erabiltzaile orok joan-etorria bortz euro ordainduta eta Agenda 2030 deialditik hartutako diru laguntzarekin egiten dute. Aurtengoan, gainera, dirulaguntza handiagoa hartu dutenez, eskaintza zabaldu dute, eta hala, gizarte zerbitzuetatik adierazi dutenez, «Bortzirietako arratseko besta gehiagotan zerbitzua eskaintzearekin bat, erabiltzaileek etxerako itzulera segurua egiteko aukera handiagoa izan dute».  Zerbitzu honen oinarrian «kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, autoa hartzeko aukera saihestea» dagoela oroitarazi dute.

Zerbitzu honetaz gain, bertzelako esku hartze prebentibo eta hezigarriak ere egin ditu mankomunitateak: gurasoentzat hitzaldiak, nerabeekin tailerrak, arreta indibidualaren zerbitzua...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun