AIMAR IPARRAGIRRE ZINKUNEGI

«Kamera hartuta nire kabuz ikasi dut gehiena»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 28a, 08:00

Ikus-entzunezkoen munduan murgilduta bizi den etxalartar gaztea da Aimar Iparragirre, eta zine eskolako ikasketez eta lanbide honetaz aritu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Kamera eskuetatik askatu ezin duen 22 urteko gaztea.

Zein dira zure zaletasunak?

Zaletasuna zaletasun, nahiago bidelagunekin.

Nondik heldu zaizu bideogintzarako zaletasuna?

Nahiko gaztetxotatik, familiako bazkarietan osabari kamera lapurtzen nion eta 12 urterekin lehenbiziko kamera oparitu zidaten.

Nolako formakuntza izan duzu?

Gasteizen goi mailako ziklo bat egin nuen, baina topikoa ematen badu ere, mundu honetako aunitzek bezala kamera hartu eta nire kabuz ikasi nuen gehiena, esperientzia bidez eta baita Internetari esker ere.

Ikus-entzunezko proiektuetan parte hartu duzu?

Bai, proiektu batzuetan parte hartzeko aukera izan dut: EHTErentzako Kolpeka saioan, Lesaka eta Bera artean grabatutako Muga film laburrean… egia erran lan gogorra eta nekagarria izaten ahal da, baina giro ona eta bertako harremanak hagitz inportanteak izan zaizkit eramangarriagoa egiteko.

Xaloan ere ibilia zara. Nolako esperientzia izan zen?

Iazko udan izan nuen aukera Xaloan aritzeko, eta egia erran interesgarria izan zen eta gustura ibili nintzen. Egia da nik zine mundura zuzentzeko gogoa dudala, baina hemen inguruan lan egiteko aukera eta eskualdeko jendea ezagutu eta beraiekin lan egitea aunitz gustatu zitzaidan.

Zine eskolan zaude orain…

Eskola hauek zine mundura hurbiltzeko aukera ematen dute, dena modu profesionalago batean ezagutzeko. Argazki zuzendaria izateko ikasten ari naiz, baina lanpostu aunitz daude horren barnean.

Erraza da honetan lan egitea?

Mundu honetan txoko bat egitea ez zait hagitz erraza iduritzen, baina poliki-poliki ari naiz!

Zein da zure ametsetako lanbidea?

Oraindik aunitz duk ikasteko eta ikusteko, baina filmazioetan egon nahi dut, kamerarekin edo argiztapenarekin lotura duen zerbaitetan.

Zure asmoak epe motzera?

Kontzertuetan argazkiak ateratzeko irrikitan nago eta horretan pixkanaka hasi naiz, duela gutti arte inoiz egin ez dudan gauza bat baita.

Eta epe luzera?

Lasaia bezain aktiboa den bizimodua izatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun